Zumaia tentsio handiko eremu izendatzea eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari. Izendapen hori eskatu ahal izateko egindako diagnostikoaren arabera, "agerikoa da Zumaiako etxebizitza merkatuan dagoen presio handia". Adibide batzuk jartzen ditu udala. Hala, "eskaintza gainditzen duen eskaria dago, eta etxebizitzen prezioak (salmentakoak zein alokairukoak) oso altuak dira. 2017tik 2022ra bitartean alokairuaren errenta % 22,8 igo da, hau da, 8,8 puntutan gainditzen du KPI indizeak izandako hazkundea". Datu horiek eskutan, tentsio handiko eremu bilakatzeko eskatzen diren baldintzetako bat betetzen dela uste du udalak.
Izendapen hau jasotzeko beste baldintzetako bat da etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoak ez du %30eko irizpidea gainditu behar duela. Udalak dituen datuen arabera, Zumaian ez da baldintza hori betetzen. Izan ere, "udalerri osoa eta familia-eredu guztiak oro har kontutan hartuta", diru sarreren %26,2 bideratzen dute zumaiarrek etxebizitza ordaintzera. Edonola ere, azaldu du udalak, "beste familia-eredu batzuk eta bakarrik bizi diren pertsonak kontuan hartuz gero, ahalegin ekonomikoa handiagoa izango litzateke: %30,3 emakumeentzat eta %55,0 bakarrik bizi direnentzat. Gainera, alokairu-errenta etengabe handitzen ari denez, irizpide hori etorkizun hurbilean bete liteke, familiaren diru-sarrerak nabarmen handitzen ez badira behintzat". Tentsio handiko eremu bihurtzeko bigarren baldintza hau modu zurrunean betetzen ez bada ere, kontutan hartu beharreko faktorea dela uste du Udalak.
Egoeraren diagnostikoa, azalpen-memoria eta hiru urterako ekintza plana duela bi aste igorri zizkion udalak Jaurlaritzari. Udalaren eskaera formala jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzak hasiko du prozedura, eta jendaurrean jarriko du dokumentazioa. Jasotako ekarpenak aztertu ondoren, prozedura ebatziko da, behin betiko memoria bat eginez eta ebazpen hori Etxebizitza Ministerioari jakinaraziz. Orduan sartuko dira indarrean izendapenaren ondorioak.
Udalaren oharrean jasotzen denez, ondorio zehatz batzuk izango lituzke izendapenak. Hala, kontratua hiru urtez luzatzeko aukera emango du, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan, eta kontratu berriak ezingo du gainditu azken kontratuaren errenta. "Salbuespen gisa, errentak soilik %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuetan, edo etxearen eraberritzearekin, energia eraginkortasunarekin edo irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egiten badira". Azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko prezioa mugatu egingo da. Amaitzeko, alokatuko den etxearen jabea jabe handia bada —bost etxebizitza edo gehiago baditu—, prezioari aplika dakiokeen gehienezko muga ere erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da.
Diagnostikoaren eta ekintza planaren laburpena, Zumaiako Udalaren webgunean irakurri daitezke.