Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformak (Zuopa) deituta, manifestazio zaratatsua egin zuten atzo, ostirala, Zumaian. Osasungintza aldetik Zumaian dauden gabeziak azaleratzea eta haiei konponbidea ematea eskatzea izan ziren protesta ekitaldia deitzeko arrazoiak.
Herriko osasun zentroaren egoeraz kezkatuta, herritar talde batek Zuopa Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataforma sortu du. Plataforma herritar eta osasun zentroko erabiltzaile gisa sortu dute, herritarrekin eta herritar bezala lan nahiz borroka egiteko. Joan den astean aurkeztu zuten Oxford aretoan, eta hain justu, atzo, osasun zentrotik abiatuta egin zuten protesta. Handik herri guztian zehar ibili ziren, oihu eta zarata eginez; izan ere, antolatzaileek parte hartzaileei eskatu zieten zarata ateratzeko tresnak manifestaziora eramateko. Hori horrela, jendeak, besteak beste, adarrak, txilibituak eta zartaginak hartu zituen protesta egiteko.
Aste honetan bertan adierazi dute osasungintzaren aldetik Zumaiak oso egoera prekarioa duela, eta egoera ez dela asko aldatu. Jakinarazi dute familia mediku bat bueltatu dela lanera, eta gaur egun hiru daudela lanean, behar denaren erdia. Halaber, bi pediatretatik bakarra egon da lanean, baina lanean zen pediatra bakarrak ere baka hartu duela adierazi dute. Hori horrela, Zumaian pediatrarik gabe daudela salatu dute.