Unax Pascual: "Maila handia dago, baina besteen pareko sentitzen naiz"

Maria Maya Manterola | Urtzi Oteiza 2024ko eka. 13a, 12:30

Munduko Txapelketako jardunaldian emaitza bikaina eskuratuta itzuli da Txiletik Pascual. Hurrengo jardunaldia du orain jomuga: Kanaria uharteetan izango da. Han erabakiko da onenaren izena.

Antofagastan (Txile) izan da maiatzean Unax Pascual (Zumaia, 2004), junior mailako Munduko Txapelketako jardunaldian. Beste bi parte hartzailerekin batera, lehen postuan da sailkapen orokorrean. Kanaria uharteetan (Espainia) urrian jokatuko den jardunaldian erabakiko da irabazlearen izena, eta bodyboarder zumaiarrak postu hori du hurrengo jomuga. 

Txilen izan zara maiatzean, Munduko Bodyboard Txapelketako jardunaldia jokatzen. Beste birekin berdinduta, lehen postuan zara. Pozik zaude eskuratutako emaitzarekin, ezta? 

Pozik nago, bai. Esperientzia oso polita izan da, eta lehen postua lortuta, are poz handiagoa sentitzen dut.

Esperotakoa izan al da lehen postu hori? 

Podiumera heltzea baneukan buruan, baina ez irabaztea. Maila ona dago; jendea oso ondo ibiltzen da.  

Ez da emaitza berezirik behar, nor bere kabuz aurkez daiteke txapelketa horretara. Zer dela-eta erabaki duzu pausoa ematea? 

Iaz bosgarren egin nuen sailkapen orokorrean, eta emaitza hori eskuratu ondoren erabaki nuen aurten zirkuituko bi jardunaldietara joatea. Txile aukera ona iruditzen zitzaidan; ezkerra da olatua, eta niretzat hori ona da. Eta, gero, Kanaria uharteetara joatea neukan buruan, Txilen emaitza ona lortuz gero. Lortu dut.  

Bost jardunaldiko txapelketa da. Bakoitzaren bi jardunaldi onenak izaten dira aintzat, eta zuk bitan parte hartuko duzu. Zergatik? 

Diru asko behar da. Maldivetako jardunaldian ere parte hartu nahi nuen, baina urrun dago, eta Kanarietara joatea erabaki dut azkenean. Arriskatzea da bi jardunalditara soilik joatea, baina uste dut urrian emaitza ona lortuko dudala eta gorengo postuetan ibiliko naizela.  

Gazteen artean babesletzak lortzea zaila izaten al da? 

Oso zaila da. Open kategoriakoek errazago eskuratzen dute laguntza hori, baina ni ere ari naiz pixkanaka lortzen, eta espero dut datozen urteetarako edukitzea.  

Txilen lortutakoa lagungarri izango al zaizu horretarako? 

Bai, nik uste dut Txilekoa eta iazko emaitza izango zaizkidala lagungarri babesletza horiek lortzeko.  

Munduko olatu onena surfeatuz erabakiko da zein den onena, Kanaria uharteetan. Nola prestatuko zara han surf egiteko? 

Hemengo itsasoarekin alderatuta, oso desberdina da han surf egitea. Han dena da harria, eta olatuak dauden lekuan lurra uki dezakezu. Hemen, hondarra dago azpian. Han garrantzitsua da igeri asko egitea eta ur azpian denbora batez egoteko gaitasuna izatea. Olatu arriskutsua da Kanarietakoa, baina norberak dakiena egitea da bidea. 

Ezagutzen al dituzu aurkariak? 

Gehienak bai. Txilen lagun asko egin ditut, txiletarrak eta kanariarrak; portugaldarrak ere ezagutzen ditut... Maila handia dago, baina besteen pareko sentitzen naiz.  

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta bodyboardean aritzeko denbora? 

Txilen izan naizenean, esaterako, ikasketei dagokienez, gauza asko galdu ditut. Han ez naiz gehiegi akordatu, baina azterketa asko ditut orain, eta ikaskideek asko lagundu didate apunteak-eta pasatuz. Zaila da ikasketak eta kirola uztartzea, baina posible da.  

Ikaskideen babesa badaukazu, eta familiarena ere bai.  

Asko babestu naute, eta haiei esker joan naiz Txilera.  

Bodyboarder gaztea zara. Nola ikusten duzu zeure burua urte batzuk barru? 

Nahiko nuke munduko txapelketak egiten jarraitu open mailan, baina lehenago, junior mailan txapeldun izan nahi dut.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide