Alimco taldeko Ibai Villatek irabazi zuen atzo, Zumaian hasi eta amaitu zen Euskal Herria Torneorako puntuagarria den Joxe Mari Kortaren oroimenezko txirrindulari lasterketa. Junior mailako ia 200 txirrindulari abiatu ziren irteera lerrotik, eta saihesbidetik itzuli bat eman ondoren, lau zakila bira eman zituzten (azken biak Zestoako Iraeta auzotik barrena, eta Arroagoikora doan maldatxoa gaindituz).
Zumaiatik lasterketa Getariara abiatu zen gero. Hain justu, Garateko gaina igo, Meagatik Oikiara jaitsi, Oikia zeharkatu eta Beduako maldatxoaren ondoren, Axular etorbideko helmugan amaitu zen proba. Ibai Villateren, Eleazar Jimenezen eta Marco Martinen arteko esprintean erabaki zen lasterketa. Dema estua izan bazen ere, hiruretan azkarrena Villate izan zen.
Taldekide bat eguneko ihesaldian sartu zuen Arabako Alimco taldeak, nahiz eta Garateko mendateari ekitean tropeletik ihes egin zuten txirrindulariek eta pelotoiak bat egin zuten. Hain justu, igoera horretan bertan mugimenduak izan ziren; izan ere, Martin hirugarren sailkatuak erasoa jo zuen. Villate irabazleak eta Eleazar Jimenez bigarrenak Martinek ateratako metroei eutsi zieten, eta jaitsieran Martinekin bat egin zuten biek.
Adostasunean egin zituzten ondorengo kilometroak hiru txirrindulariek, eta hala lortu zuten helmuga aurrera iristea. Azken metroetan, Villate irabazleak seguru ikusi zuen bere burua, eta azkenean, hark altxatu zituen bi besoak. Jimenez ere gustura agertu zen bigarren postuarekin, baina “amorru puntua” ere erakutsi zuen garaipenak gutxigatik ihes egin ziola ikusita. Garaipena lortuta, Villate da junior mailako Euskal Herria Torneoko liderra gaur-gaurkoz.
Etxekoen artean, berriz, Beñat Sainz izan zen azkarrena. Hura 31. postuan sailkatu zen, eta 98. eta 111. egin zuten, hurrenez hurren, Iker Eizagirrek eta Danel Beristainek.