Francoren altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omentzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Zumaian. Jendetza elkartu da Gernika parkean jarri duten oroigarriaren bueltan, eta senitartekoek eta herritarrek elkarrekin oroitu dituzte hildako zumaiarrak. Parke horretan Gernikako arbola zegoen lekuan jarri du Zumaiako Udalak monolitoa. Hain justu, oroigarri horretan agertzen dira faxistek fusilatutako eta faxismoaren aurkako erresistentzien fronteetan borrokan hildako zumaiarren izenak. Alboka doinuekin hasi eta amaitu da ekitaldia, eta bitartean aurreskua, abestiak eta udalaren, Aranzadi zientzia elkartearen zein senideen ordezkarien hitzak entzun dituzte Gernika parkean elkartu direnek.