Haurren gutunak jaso ondoren, Erregeen kabalkada egingo da arratsaldean

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 5a, 09:44

18:30ean abiatuko da Errege Magoen desfilea. Aurretik, atzo arratsaldez, haurren gutunak jasotzen aritu ziren Erregeen pajeak Beheko plazan.

Txikienentzako urteko egun magikoenetakoak izango da gaurkoa. 18:30ean abiatuko da Errege Magoen desfilea, beti ere eguraldiak laguntzen badu.

Bezperan, ostegun arratsaldean, Erregeen pajeak bertaratu ziren Eusebio Gurrutxaga plazan ezarritako jaiotzara haurren gutunak jasotzera. Ekitaldia hasi aurretik, eta iraun zuen denboran, urduri ziren haurrak, Erregeen laguntzaileek zer esango zieten pentsatuta. Banaka edo binaka batzuk, taldean besteak, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrengana joan ziren umeak hurreratzen, urtean zehar onak izan zirela gogoratu, eta zer erregalo eskatzen zuten esatera.

Bitartean, Erkibe kultur elkarteko kideak gaztain erreak prestatzen aritu ziren plazan bertan. Ilara luzeak izan ziren hemen ere, gaztainak hartzeko.

Erregeak itsasoz

Erregeak itsasontziz helduko dira Itsas kiroldegi parera, eta han, bertaratutako haurrak eta helduak agurtu ondoren, karrozetara igoko dira kabalkadari ekiteko. Patxita Etxezarreta eta Txomin Agirre kaia kaleak zeharkatuko dituzte, eta Saregile plazan Erribera kalerantz sartuko da. Beheko plazara helduta, jaiotzan, haur txikia agurtuko dute, eta berriro ere karrozetara igota, etorritako bidetik joango dira.

Erregeen etorrera iragartzeko, su artifizialak botako dituzte zubi handi paretik. Horren ondorioz, Itsas kiroldegi ingurua eta aparkalekuen zati handi bat itxita egongo dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide