Zestoako Udalbatzak azaroko udalbatzarra egin zuen atzo iluntzean, eta UEMA herriz herri aurkezten ari den Esnatu dinamikaren adierazpena onartu zuen erakundeak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Mikel Arregi alkateak mozioa eskuetan zuela azaldu zuenez, egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenetan ere euskarak atzerantz egingo duela ondorioztatu dute zenbait ikerketak, eta egoera horri buelta emateko arduragatik sortutako egitasmoa da Esnatu dinamika. Horretarako, arlo guztietako eragileak ahaldundu nahi ditu UEMAk, eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten, eragileen konpromisoa sustatzea da dinamikaren asmoz.
Hori horrela, hainbat konpromiso hartzea eskatu die UEMAk erakundeei ere, eta atzoko udalbatzarrean, konpromiso horiekin bat egin zuen Zestoako Udalak: besteak beste, udalak bat egin du erabilera planean onartutako hizkuntza irizpideak betetzeko, kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintza guztiak txertatzeko, doako euskalduntzea bermatzeko, haurren eta gaztetxoen aisialdiko ekintzak euskaraz programatzeko, euskararen normalizazioan urrats sendoak egiteko eta herrira etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoak areagotzeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako eskaerarekin.
Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak, bere aldetik, alderdiaren abstentzioa arrazoitu zuen. Hark esan zuen adierazpen hori Eudelen aurkeztu zenean, jeltzaleek aurka bozkatu zutela, baina zinegotziak azaldu zuen Zestoako EAJri "deserosoa" egiten zaiola mozio horren aurka egitea. "Euskarak izan behar du zeharkako ondare soziala, ez konfrontaziorako arrazoi. Ados gaude adierazpenarekin, baina Eudelek segurtasun juridikoari lotutako hainbat proposamen egin zituen, eta ildo horretan talkaren bat edo beste egon zelako bozkatu zuen EAJk aurka. Gu, ordea, abstenitu egingo gara".
Bestalde, Esnatu dinamikaren adierazpena ez ezik, Ertzaintzari eta segurtasun ereduari lotutako beste bi adierazpen jorratzekoak ere baziren atzoko udalbatzarrean; bata EH Bilduk aurkeztutakoa, eta bestea EAJk. Ordea, udal talde horiek bi mozioak erretiratzea adostu zuten saioa hasterako.