Arkeologiak eta ondareak tarte berezia izango dute datozen egunetan Zestoan. Izan ere, Arkeologia Astea egingo dute aurten ere, Azpeitiko Antxieta arkeologia taldeak urtero antolatzen dituen jardunaldien barruan. Oraingo honetan, ordea, Zestoako Larrazken Kulturalaren egitarauaren barruan kokatu dituzte arkeologiari lotutako ekitaldiak. Bi hitzordu izango dira guztira: batetik, Zestoako aztarnategi paleontologiko eta arkeologikoak ikuspegi geologikotik aztertuko dituen hitzaldia; bestetik, arkeologia erakusketa.
Hezurretatik haratago
Lehenengo hitzordua gaur arratsaldean izango da. Hezurretatik haratago: Zestoako aztarnategi paleontologiko eta arkeologikoei begirada geologikoa izenburupean, herriko aztarnategien inguruko azalpenak emango dituzte Martin Arriolabengoa Zubizarreta eta Ane Corral Cobos adituek. Hitzaldia 18:30ean hasiko da, Alondero aretoan.
Bi hizlariek geologiaren ikuspegia ekarriko dute Zestoako ondare arkeologikoa eta paleontologikoa ezagutzeko. Izan ere, aztarnategietan aurkitutako hezurrek, sedimentuek eta bestelako arrastoek, iraganeko bizimoduari buruzko informazioa emateaz gain, garai hartako ingurumenaren eta paisaiaren berri ere ematen dute. Horretarako, ezinbestekoa da aztarnak aurkitu diren lur geruzak eta horien eraketa prozesuak aztertzea.
Martin Arriolabengoa Zubizarreta geologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geologia saileko irakasle titularra da. Kuaternarioko ikerketa geologikoetan espezializatuta dago, bereziki kobazuloen geomorfologian eta sedimentologian. Aranzadi zientzia elkartearekin ere hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, tartean Lezetxiki aztarnategi arkeologikoaren ikerketa geologikoan eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko ingurune karstikoaren azterketan.
Ane Corral Cobos ere geologiaren arloan aritutakoa da. Zestoako Baio kobazuloko sedimentu sekuentziaren azterketa egin zuen gradu amaierako lanean, eta lan horrengatik Espainiako Geologoen Elkargo Ofizialaren Euskadiko ordezkaritzaren bikaintasun akademikoaren saria jaso zuen 2023an.
Arkeologia erakusketa
Arkeologia Astearen bigarren hitzordua igandean izango da. Egun horretan, arkeologia erakusketa jarriko dute ikusgai udaletxearen azpiaan, 11:00etatik 15:00etara. Bertaratzen diren herritarrek aukera izango dute arkeologiaren mundura hurbiltzeko eta Zestoako ondarearen inguruko ezagutza zabaltzeko.
Bi ekitaldien bidez, Zestoako ondare paleontologikoa eta arkeologikoa ezagutarazteaz gainera, hura ikertzeko erabiltzen diren ikuspegi eta diziplina desberdinak ere erakutsi nahi ditu Antxieta arkeologia taldeak. Aurten, beraz, Zestoako Larrazken Kulturalaren eskaintzaren barruan egingo dute Arkeologia Astea, baina Antxietak urtero antolatzen dituen jardunaldien jarraipena izango da. Arkeologiak, geologiak eta herriko ondareak bat egingo dute, beste behin, Zestoan.