Santa Zezilia egunaren bueltako ospakizunek jarraipena izango dute asteburuan Zestoan. Astean zehar izandako Ertxiña musika eskolakoen jaialdiaren eta kalejiraren ondotik, txaranga eta kontzertuak izango dira asteburuko protagonista.
Musikaren asteburua izenburupean, Portale kultur elkarteak Ustekabe txaranga gonbidatu du herriko kaleak musikaz girotzeko. Bihar, ostirala, 18:30ean hasita, Portale tabernatik abiatuko da txaranga eta herrian zehar geldialdiak egingo ditu ostiral arratsaldea eta afalostea girotuz.
Horrez gain, Gaztetxeak eta Fundizio musika elkarteak elkarlanean bi kontzertu antolatu dituzte bihar gauera begira. Gaüze eta Disnomia taldeen emanaldiak izango dira udaletxe azpian, 20:00etan hasita. Ikustera gerturatu nahi dutenentzat sarrera borondatezkoa izango da.
Zumarraga eta Urretxuko (Gipuzkoa) taldea da Gaüze, 2025ean sortua, eta besteak beste, emo, dream pop eta rock alternatiboa uztartzen ditu. Disnomia, berriz, Mallorcatik (Herrialde Katalanak) etorriko da eta stoner rock nahiz stoner metal doinuak eskainiko ditu.
Larunbatean, Zestoako Musika Bandak rock kontzertua eskainiko du, eta, besteak beste, Queen taldearen, Berri Txarraken, Olaia Inziarteren edota Tapia eta Leturiaren doinuak interpretatuko dituzte. 20:00etan hasiko da emanaldia, udaletxe azpian. Igandean, berriz, Gipuzkoako 37. Organo Zikloko kontzertua izango da Aizarnan. Mikel Ansola ariko da organoan, eta Garikoitz Mendizabal txistuarekin.