Azaroaren 22a, igandea, Santa Zezilia eguna izango da, musikarien zaindariarena, eta ohitura den bezala, haren omenezko musika emanaldi bereziak izango dira han eta hemen. Zestoan ere bai, baina ez egunean bertan, aurretik baizik. Hain zuzen ere, Ertxiña musika eskolako ikasleek atzo, astelehena, ekin zieten Santa Zezilia egunaren bueltako ekitaldiei, 17:30etik hasita Kultur Etxean egin zuten jaialdiarekin. Guraso, anai-arreba zein aitona-amona, aretoa leporaino bete zuten musikari gazteen saioa bertatik bertara ikustera joan ziren herritarrek. Bizkorrenek eserita gozatu ahal izan zuten emanaldiaz, baina dezente izan ziren zutik egotea egokitu zitzaienak ere.
Gaur, asteartea, musika eskolako ikasleen txanda izango da bigarren egunez, baina gaurko emanaldiak ez du atzokoarekin zerikusirik izango, Kultur Etxeko oholtzatik jaitsi eta kalera aterako baitira. 17:30ean hasita, kalez kale ibiliko dira, musika eskolan prestatutako abestien doinuak herri guztian barrena zabaltzeko intentzioarekin.
Santa Zezilia egunaren bezperan, berriz, larunbatean, Zestoako Musika Banda izango da emanaldia egingo duena. Rock kontzertua izango dela aurreratu dute musikariek, eta, besteak beste, Queen taldearen, Berri Txarraken, Olaia Inziarteren eta Tapia eta Leturiaren doinuak interpretatuko dituztela. 20:00etan hasiko da emanaldia, udaletxe azpian.