Auzitegiak ELAri arrazoia emanda, bainuetxeko langileek Gipuzkoako Ostatuen hitzarmena lortu dute

Ane Olaizola

Zestoako Bainuetxea. (Guka)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondorioz, aurrerantzean "nabarmen" hobetuko zaizkie lan baldintzak Zestoako Bainuetxeko beharginei: besteak beste, %50eko igoera izango dute soldatetan, eta urtean 21 eta 35 ordu gutxiagoren artean egingo dute lan. Bainuetxea kudeatzen duen Tres Mares enpresak helegitea aurkezteko aukera du. 

Azken urteetako aldarria lortu dute Zestoako Bainuetxeko langileek, oraingoz, behin-behinean bada ere: Gipuzkoako Ostatuen hitzarmena lortu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ELA sindikatuari arrazoia eman ostean. Gaur jakinarazi du sindikatuak auzitegiaren ebazpena, eta horrenbestez, aurrerantzean "nabarmen" hobetuko zaizkie lan baldintzak hango beharginei: besteak beste, %50eko igoera izango dute soldatetan, eta urtean 21 eta 35 ordu gutxiagoren artean egingo dute lan. 

Tres Mares enpresak kudeatzen duen bainuetxeko langileek "kontrolik gabeko lanaldi irregularrak, lan karga handiak, bajen ondorioz bete gabeko ordezkapenak" eta abar pairatzen zituztela jakinarazi zuen iaz ELAk, eta azaldu zuen enpresaren egutegien aurkako salaketak aurkeztu zituela Lan Ikuskaritzan. Era berean, langileei Gipuzkoako Ostatuen sektoreko hitzarmen kolektiboan araututako lan baldintzak ezartzea onar ziezaioten, auzi eskea aurkeztu zuen. Eskaera hura atzera bota zuten aurreneko instantzian, baina ELAk erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuen ondoren, auzitegiak aurreko epaia baliogabetzat jo zezan, eta bere eskaera onar zedin. 

Hala egin du orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak; arrazoia eman dio sindikatuari, eta
onartu du Zestoako bainuetxearen lantokian aplikatzeko hitzarmena Gipuzkoako Ostatuen
hitzarmen kolektiboa dela. Hitzarmen berriarekin, beraz, lan baldintzak hobetu egingo zaizkiela azpimarratu du sindikatuak: soldatak %50 igoko zaizkie, eta urtean 21 orduko lan murrizketa izango dute; gela zerbitzarien kasuan, urtean 35 ordu gutxiago egingo dute lan. 

Auzitegi Gorenera jotzeko aukera

ELAk adierazi du epaia oraindik ez dela irmoa, eta Tres Mares enpresak helegitea aurkez dezakeela Auzitegi Gorenean. Dena den, sindikatua "pozik" azaldu da auzibidea irabazi duelako, eta gogoratu du "aspalditik" ari zela salatzen Zestoako Bainuetxeko langileek bizi zuten "prekarietatea". Era berean, bainuetxeko langile guztiak animatu dituzte sindikatu horretara joatea, epaiaren ondoren soldatetan zer diferentzia izango duten ikus dezaten. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide