Kalabazak, kandelak, antortxak, ipuinak eta gozoak izan dira protagonista asteburu honetan Zestoan, Gau Beltzaren bueltan antolatutako ospakizunetan. Atzo, ostirala, Aizarnan eta Arroabean egin zituzten ekintzak, eta gaur, larunbata, herrigunearen txanda izan da. Haurrek zein helduek parte hartu dute hitzorduetan, eta umorea, misterioa eta festa uztartu dituzte herriko hainbat txokotan.
Zestoako herrigunean arratsaldean hasi dira ekintzak. Gaztelekuan eman diote hasiera egitarauari, DBHko gaztetxoentzako kalabaza bizkotxoa egiteko sukaldaritza tailerrarekin. Iluntzean, berriz, Gau Beltzeko giroa kaleetara zabaldu da. Hilerritik abiatu dute kalejira isila, kandelak eskuetan zituztela, eta giro berezia sortu dute parte hartzaileek bidean. Ondoren, Amelie ipuin kontalariaren istorioak entzuteko aukera izan dute Alonderon bildutakoek, eta gauari amaiera gozo eta beroa emateko, gaztaina erreak jan dituzte plazan.
Arroabean, berriz, atzo arratsaldean hasi zuten Gau Beltzeko festa. Elkargunean bizkotxoak entregatuta hasi zuten ostiral arratsaldea, eta handik gutxira antortxak hartu eta frontoirainoko ibilaldia egin zuten. Ibilaldiaren amaieran Arimen Gaueko dantza egin zuten, eta ondoren bizkotxo lehiaketa, txokolate bero jana eta photocall-a izan zituzten. Arratsaldeko egitaraua gozo-eltzearekin borobildu zuten, Txomin tabernaren eskutik.
Aizarnan ere atzo ospatu zuten Gau Beltza. Barbantxoren eskutik aurpegiak margotzeko aukera izan zuten lehenik, eta ondoren ipuinen txanda iritsi zen ludotekara. Bi saio egin zituzten, adinaren arabera banatuta. Iluntzean, haurrek zein helduek bat egin zuten herriko elkartean egindako afari-meriendan, eta, sabela bete ostean, musikak eta dantzak hartu zuten lekukoa ludotekako diskotekan.
Hala, Gau Beltzak Zestoako hainbat txoko hartu ditu asteburuan. Aizarnan eta Arroabean atzo piztu zuten festa, eta gaur herriguneak hartu die lekukoa. Egitarau eta modu desberdinekin, baina festa giro berean, haurrek nahiz helduek ederki pasatzeko aukera izan dute.
(Argazkiak: Urtzi Oteiza eta utzitakoak)