Herritar ugari elkartu ditu Zestoako historia ezagutzeko AEK-k antolatutako poteoak

Iraia Oteiza

Mikel Nogales historialariak gidatuta, herriko kultur ondarea eta historikoa ezagutzeko aukera izan dute 50 bat herritarrek. 

Zestoako historia poteoan ezagutzeko aukera izan zen atzo arratsaldean herrian, Zestoako AEK-k antolatuta. Jakintza edan: Zestoako historia, pote artean izena eman zioten ekintzari, eta Mikel Nogales historialariak gidatuta, herriko kultur ondarea eta historikoa ezagutzeko aukera izan zuten parte hartzaileek, trago bat hartu bitartean.

40 lagunek eman zuten izena, baina azkenean 50 bat lagun bildu ziren poteoan. Zestoako gune eta eraikin historikoak bisitatu zituzten horiek elkarrekin, Nogalesek haiei buruzko azalpenak ematen zituen bitartean. Hain zuzen, Zubimusun hasi zuten ibilbidea, eta Gurutzean, Lizentziadonekoa eraikinaren aurrean, herriko plazan, Pio Baroja plazan eta Laranjadi plazan geldialdiak egin ondoren, liburutegi aurrean amaitu zuten txangoa. Bidean, herriko historiaren eta ondarearen inguruko bitxikeriak ezagutzeko aukera izan zuten.

(Argazkiak: Oier Arregi)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide