Zuzenekoetan etenaldia iragarri du Rodeo musika taldeak

Ane Olaizola

Rodeoko musikariak. (Rodeo)

Zestoako taldeak etenaldi mugagabea iragarri du gaur, eta taldekideek azaldu dute, azken urteetan eskaini dituzten 320 kontzertutik gora jo izanak sortu dien "nekeak" bultzatu diela jarduna entsegu lokalera mugatzea. Dena den, bira bat egingo dutela aurreratu dute. 

Rodeo Zestoako musika taldeak kontzertuak emateari utziko diola jakinarazi du gaur sarean. Taldeko lau musikariek —Ortzi Alberdi, Beñat Subinas, Oroitz Urbieta eta Mikel Illarramendi— sinatuta testuan, taldeak etenaldi mugagabea iragarri du zuzenekoei dagokienez. 2014an Rodeo sortu zutenetik, ia 12 urtez "gelditu gabe" egon direla adierazi dute musikariek, eta urte horietan guztietan 320 kontzertutik gora jo izanak sortu dien "nekeak" bultzatu die orain beren jarduna entsegu lokaleko "goxotasunera" mugatzera.

"Ez dakigu noiz, nola eta zerrekin itzuliko garen etorkizunean baina dakiguna da, oso eskertuta gaudela bide honetan, edozein eratan, gurekin egon zareten guztioi", adierazi dute taldekideek. Hain zuzen, esker mezuak izan dituzte ondoan izan dituzten teknikarientzat zein lagunentzat, areto, gaztetxe eta elkarte autogestionatuentzat nahiz ikus-entzuleentzat. Hain zuzen, horrenbeste urteetan haiengandik jaso dutena bueltan emateko asmoz, "bira eder bat" egingo dutela aurreratu dute, oraindik datarik zehaztu gabe. Dena den, datorren larunbatean bertan, Rodeo zuzenean ikusteko aukera izango dute zaleek Zestoan, Elkartasuna plazara jaialdian joko baitute. 

2017tik sei disko kaleratu ditu Zestoako rock taldeak: Rodeo, Dilmun, Ezherrian, Moira, Hybris eta X. Azken hori iaz kaleratu zuten. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide