"Elkartasun feministagatik" auziperatutako eta absolbitutako sei zestoarrek aurre egin behar dioten prozedura judizialak eragindako gastua arintzeko xedez, Elkartasun Jaialdia antolatu du Zestoako Mugimendu Feministak urriaren 17rako. Oraindik ez dute itxi egun osorako prestatu duten egitaraua, baina aurreratu dute askotariko ekitaldiak izango direla Elkartasuna Plazara jaialdiaren barruan.
Besteren artean, Onintza Enbeitak eta Uxue Alberdik bertso saioa eskainiko dute eguerdi partean, eta ondoren, herri bazkaria egingo dute. Gainera, 17:00etatik aurrera kontzertu hainbat izango dira; besteak beste, Rodeo eta familia, Sara Zozaya eta Ines Osinaga igoko dira agertokira. Zestoako Mugimendu Feministak eskerrak eman dizkie bidean babesa eta elkartasuna adierazi dieten eragileei, taldeei nahiz norbanakoei, eta denek gonbidatu ditu jaialdian parte hartzera.