Zestoako amabirjinak 2026

Euritan dantzan agurtu dituzte festak

Mailo Oiarzabal

Itxaropena dantza taldekoek, herriko trikitilariek eta txistulariek zahagi dantzaren kalejirarekin eta plazako emanaldiarekin borobildu zuten atzo Ama Birjina eguna, aurtengo jaietako azkena.

Euritan dantzan agurtu zituzten atzo 2026ko amabirjinak Zestoan. Aurten, Ama Birjina eguna izan da jaien azken eguna, dantzan hasi eta dantzan bukatu zuten, eta tartean, bigarren zekorketa eta Amparito Roca-ren azken interpretazioek girotu zituzten jaien azken orduak.

Eguerdian udal ordezkariek bezala, iluntzean, eta aspalditxoko urteetan ohi dutenez, Itxaropena dantza taldekoek, herriko trikitilariek eta txistulariek zahagi dantza eta dantzaurrea eskaini zituzten, kalez kale aurrena eta plazan azkena, festak borobiltzeko.

Goizean ez bezala, ordea, euriak egin zuen agerraldia arratsaldean. Horrela, Zestoako Bandak udaletxeko arkupetan egin zuen zekorketaren ondorengo bere emanaldia, plazako harmailetan taldeko argazkia atera aurretik.

Lanbro biziak tarteka atseden ematen zuen, hala ere, eta Itxaropenako dantzariek eta haiei lagundu zieten musikariek zahagi dantzaren kalejira egitea erabaki zuten. Erdikalean, hasieran; Laranjadin, erdibidean; eta plazan, azkenekoz, eskaini zuten zahagi dantza. Plazako emanaldia, ordea, gehiago luzatu zen. Dantzaurrea eskaini zuen han Itxaropenak, eta dantza taldeko bi kideri (Ane Mendizabal eta Amaiur Aristi) dantzan aitortza egiteko tartea hartu zuten. Emanaldia jarraitzen ari ziren herritarrei dantza sokara batzeko gonbitaren garaia etorri zen gero, eta bukatzeko, dantza taldekoek eta herritarrek batera dantzatu zituzten fandangoa eta arin-arina.

Plazako saioa ia amaierara arte errespetatu zuen euriak, baina hori ez zen izan amabirjinen azken hitzordua. Izan ere, dantzan jarraitzeko gogoa zutenek horretarako parada izan zuten gauean, Laketen dantzaldiarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide