Zestoako amabirjinak 2026

Zestoarrak festen azken txanpan murgildu dira

Andoni Elduaien

Udal ordezkariak herritarren aurrean egin dute dantza Ama Birjina egunez, duela lau urte hasi zuten bideari jarraituz. Zestoako Musika Bandak, berriz, Laranjadi plazan eskaini du aurten festetako kontzertua. Umeek frontoi zaharrean jarritako jolasekin gozatu dute. Festetako azken orduak dira Zestoan. 

Ama Birjina eguna da gaur Zestoan, herriko festetako azken eguna. Jaiak azken orduetan murgildu dira herrian, baina jendeak festarako gogoari bizi-bizirik eusten dio oraindik ere. Gaur, goizean goizetik izan dira ekintzak han, tartean udal ordezkariek egindako dantzaurrea.

2022. urtean hasi ziren udal ordezkariak herritarren aurrean dantza egiten, eta gaur, laugarrenez atera dira haiek herriko plazara. Udaletxeko eraikinaren aterpetik atera dira jendaurrera zenbait udal ordezkari, Mikel Arregi alkatea buru. Udal ordezkariek Itxaropena dantza taldeko eta Idiakaitz txistulari taldeko kideak izan dituzte alboan. Arregiz gain, beste bost zinegotzik parte hartu dute hitzorduan: EH Bilduko Lorea Ilundainek, Margari Eizagirrek zein Maialen Etxeberriak eta EAJko Garikoitz Mendizabalek nahiz Eva Mangas. Behin plazan, ordezkariek dantzatuz agurtu dituzte herritarrak, eta segidan, Arregi alkateak Zestoa Osasuntsu egitasmoko kideei egin die dantza, aurten festak hasteko udaletxeko balkoitik txupinazoa bota zuten kideei, hain zuzen.

Dantzaurrearen ostean, Laranjadi plazara jo dute herritar ia denek, han Zestoako Musika Bandak amabirjinetako kontzertua eskaini du eta. Gaurko egunez aurreko urteetan eskaini izan duten errepertorioaren bidetik jo du gaur ere herriko bandak. Zestoako amabirjinak (Juan Carlos Irizar), Ateneo Musical (Mariano Puig), Jubilee Overture (Philip Sparke), El Barberillo de Lavapies (Barbieri), Aitormena (Hertzainak, Beñat Etxabek moldatuta), Boney M Hits (Steve McMillan) eta Mejico (Luis Mariano, Mikel Markiegik moldatuta) abestiak eskaini dituzte, azken hori Zestoako dultzaineroek lagunduta.

Frontoi zaharrean, berriz, haurrentzako jolasak izan dira, eta dozenaka izan dira goizean zehar hara hurbildu eta jolas egin duten umeak. 

Gaur izango dute Zestoan jaietako azken eguna. Hona hemen egitaraua osatzeko falta diren ekintzak:

Gaur, Ama Birjina eguna

  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
  • 18:00. Apar festa, frontoi zaharrean. Ondoren, photocall-a eta merendola.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertua izango da estazio aldean: Izaki Gardenak.
  • 18:00. Bigarren zekorketa.
    • Toreatzailea: Jose Antonio de Gracia.
    • Ordezkoa: Jose Huelves.
    • Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Toledo, Espainia).
  • Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
  • Jarraian, Zestoako Banda, Erdikalean.
  • 20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestoako trikitilari taldearen eskutik.
  • 22:00. Laket taldearekin erromeria txosnagunean, Ama Birjina festei amaiera emateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide