Ama Birjina festetako bigarren eguna dute gaur Zestoan, eta jai giro bete-betean murgilduta dira han. Goizean, diana, nafartasunari gorazarre egiteko ekitaldia eta erremontea izan dituzte, besteak beste, eta arratsaldean, bestelako ekintzak izan dira menuan. Hain zuzen ere, 17:30 pasatxo zirenean, herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira izan da, lehen zekorketa iragarriz; jendetza elkartu du Erdikalean Amparito Roca-ren zuzeneko emanaldiak. Ondoren, 18:00etan hasita, lehen zekorketa izan da; Pedro Gomez Barbon aritu da toreatzen, eta Victor Mencia Sanchez izan da haren ordezkoa. Toledoko (Espainia) Adolfo Rodriguez Montesinos ganadutegiak jarri ditu zezenak.
Ordu berean, zezenketan kontrako Gurea Kultura ekimenak antolatuta, musikaz gozatu ahal izan da estazio aldean. Hain zuzen ere, Gailu eta Ithaka taldeak aritu dira zuzenean, eta giro ederra sortu da. Haurrei zuzenduta, bestalde, Boli kalean antzezlana eskaini du Pantzart konpainiak kiroldegiaren aurrean.
Zezenketak amaitzean, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak izan dira, eta jarraian, Zestoako Banda, Erdikalean. Gauean, berriz, 21:00etan hasita, Argizulo Dub Station, Costmix eta 3re DJak ariko dira zuzenean, txosnagunean.
Hona hemen datozen egunetako egitaraua:
Bihar, astelehena, Umeen Eguna (Herritarrak zuri-gorriz janztera gonbidatu ditu udalak)
- 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Ume bakoitzak zarata ateratzeko zerbait eramatea gomendatu dute: kazuela, danbor, turuta, txistu...)
- 12:00. Txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea eta zahagi-dantza, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Gero, buruhandien eta txistularien kalejira.
- 13:00. Lopene ganadutegiko poniak eta zezentxoak, plazan.
- 14:30. Umeentzat, gaztetxoentzat eta gurasoentzat bazkaria, kiroldegiko aterpean.
- 15:30. Karaokea, kiroldegiko aterpean.
- 18:00. Umeentzat tailerrak, frontoi zaharrean.
- 19:00. Aliritzi erromeria, kiroldegiko aterpean.
- 22:00. Suzko zezena, plazan.
- Ondoren, Sedientos de Cumbia eta Txamakos, txosnagunean.
Irailak 8, asteartea, Ama Birjina eguna
- 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
- 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- 11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
- 11:30-14:30. Joko erraldoiak gaztetxoentzat, frontoi zaharrean.
- 12:00. Meza.
- Ondoren, Udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
- 13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
- 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
- 18:00. Apar festa, frontoi zaharrean. Ondoren, photocall-a eta merendola.
- 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertua izango da estazio aldean: Izaki Gardenak.
- 18:00. Bigarren zekorketa.
- Toreatzailea: Jose Antonio de Gracia.
- Ordezkoa: Jose Huelves.
- Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Toledo, Espainia).
- Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
- Jarraian, Zestoako Banda, Erdikalean.
- 20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestoako trikitilari taldearen eskutik.
- 22:00. Laket taldearekin erromeria txosnagunean, Ama Birjina festei amaiera emateko.