Ajeari aurre eginez, asko eta asko izan dira gaur eguerdi partean ere festetako egitarauari jarraituz kalera atera diren zestoarrak. Zestoako dultzaineroen eta Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin esnatu dira herritarrak, eta Nafartasunari gorazarrea egin diote gero Laranjadi plazan, Nabarraldek eta Urolakoen Napar Zuzterrak taldeek antolatutako ekitaldian.
Txistularien atzetik, kalejiran iritsi dira dozenaka lagun plazara. Beñi Agirre historialari, idazle eta dibulgatzaileak eman du pregoia, eta bertsoez eta askotariko dantzez gozatzeko parada izan da gero, Laranjadi plaza Nafarroako banderekin atonduz. Dozenaka lagun bildu dira ekitaldiaren bueltan.
12:00etan hasita, berriz, erremonte txapelketa jokatu dute frontoian. Aiestaran VII.ak eta Goikoetxea VI.ak Deskarga eta Aiestaran VI.aren aurka jokatu dute aurreneko partidan; jarraian, Aldabek eta Larrañagak Goikoetxea V.aren eta Azpirozen aurka neurtu dituzte indarrak. Ikusmina sortu dute bi neurketek.
Zestoak festa giroan murgilduta jarraituko du datozen orduetan ere. Hona hemen arratsaldeko egitaraua:
- 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
- 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Gailu eta Ithaka.
- 18:00. Boli kalean haurrei zuzendutako kale antzerkia, kiroldegiko aterpean, Pantzart konpainiaren eskutik.
- 18:00. Lehen zekorketa.
- Toreatzailea: Pedro Gomez Barbon.
- Ordezkoa: Victor Mencia Sanchez.
- Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Toledo, Espainia).
- Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
- Jarraian, Zestoako Banda, Erdikalean.
- 21:00. Argizulo Dub Station, Costmix eta 3re DJak, txosnagunean.