Zestoako amabirjinak ofizialki bihar eguerdian hasiko diren arren, Gazte Asanbladako kideak gaur arratsaldean murgildu dira jaietan. Hain zuzen ere, txupinazo alternatiboa bota dute 18:00etan, txosnagunean, eta ondoren, Batu gaztetxeen aldeko borrokara! zioen pankartarekin argazkia atera dute. Ekitaldiarekin batera zabaldu dituzte txosnak ere.
DJ Lippi ariko da gero txosnagunea girotzen, 20:30etik aurrera, eta mojitoak dastatzeko aukera ere izango da han. Txosnak zabalik egongo dira jaiek iraungo duten egun guztietan.
Pilota ere bai
Bestalde, profesionalen arteko esku pilota partidak jokatuko dituzte, 19:00etan hasita. Lehen partidan, Egiguren V.a eta Ugartemendia Alberdi II.aren eta Salaverriren kontra ariko dira, eta bigarren partidan, Altuna eta Rezusta Artolaren eta Albizuren aurka.