Itzala eta aterpea estimatuak izan dira gaur Zestoako Adinekoen Egunean. Eguerdian, eguzkiak ederki berotzen zuelako, itzal bila udaletxe azpira jo dute udalekoek adinekoen omenaldi ekitaldia egiteko. Arratsaldean, berriz, euria ari zuelako, aterpea behar izan da herri kirol erakustaldia egiteko.
Frontoi zaharrean egin beharrean, kiroldegiko aterpean egin dute erakustaldia kirolariek. Harri jasotzen, Irati Osinalde, Udane Ostolaza eta Jon Unanue Goenatxo aritu dira, eta aizkoran, Ugaitz Mugertza eta Arkaitz Etxebeste. Jende pixka bat elkartu da kiroldegi atarian jarritako aulkietan herri kirolak ikusteko. Kirolaren ostean, dantzarako tartea etorri da Zestoan, Izer eta Alabier trikitilariekin. Erromeria plazan egin beharrean, udaletxe azpiko arkupeetan egin dute.
Festetako egun handiak datorren asteburutik aurrera izango dituzte Zestoan, ostiraletik asteartera arte jaiak ez baitu etenik izango.