Aurtengo jaietarako preso, iheslari eta deportatuei elkartasuna adierazteko eta Antton Olaizolaren herriratzea eskatzeko antolatu dituen ekintzak atzo arratsean estreinatu zituen Zestoako Sarek.
Gazte Egunaren eta horren barruan egingo duten elkartasun bazkariaren atarian, txistulariak buruan zituztela, Antton Zestura. Helmuga denak etxera zioen pankartaren atzetik eta ikurrinak, presoen etxeratzearen aldeko edota Palestinako banderak eskuetan, kalejiran ibili ziren atzo Sareren deialdiarekin bat egin zuten herritarrak. Plazan hasi eta bukatu zuten kalejira.
Amaierako irakurketan, "preso, iheslari eta deportaturik gabeko herri libre bat" aldarrikatu zuten, Cabo Verden deportatuta eta herritik kanpo lau hamarkadatik gora daramatzan Olaizolaren itzulera eskatu, eta gaurko bazkariko antolaketa lanetarako deia egin zuen Zestoako Sarek.