Zestoako jaietarako preso, iheslari eta deportatuen elkartasun ekintzak antolatu ditu Sarek

Nerea Uranga 2026ko abuztuaren 25a

Zestoako Sarekoak jaietarako prestatutako ekintzak aurkezten. (Zestoako Sare)

"Preso, iheslari eta deportaturik gabeko herri libre bat" aldarrikatzeko eta Cabo Verden deportatuta dagoen Antton Olaizola herrikideari elkartasuna adierazteko ostiralerako kalejira eta larunbaterako bazkaria antolatu ditu Zestoako Sarek. Bazkarirako txartelak ostegunera arte daude saltzen Portalen.

Zestoako jaiak ate joka direnean, "preso, iheslari eta deportaturik gabeko herri libre batean" bizi nahi dutela aldarrikatzeko eta "Antton herritarrari elkartasuna adierazteko" Zestoako Sarek antolatu duen festetako egitarauaren berri eman dute. "Antton Zestoan izango den eguna iritsi arte jarraituko dugu lanean, borrokan, jaietan ere presente", nabarmendu dute agerraldian Sarekoek. Lau hamarkada baino gehiago Cabo Verden deportatuta daramatza Antton Olaizola zestoarrak.

Festak ofizialki hasi aurreko atariko astebururako bi ekitaldi antolatu dituzte Sarekoek: ostiralean, abuztuaren 28an, 19:30ean herriko plazatik irtenda preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko kalejira egingo dute. Larunbatean, berriz, 14:15ean hasita, Antton Zestoara elkartasun bazkaria egingo dute herriko plazan. Bazkarirako txartelak Portale kulturgunean daude saltzen abuztuaren 27ra (osteguna) arte. Egitarauko bi ekintza horiez gainera, Bokata Gunea jarriko dute Sarekoek abuztuaren 29ko nahiz irailaren 4ko eta 5eko arratsaldeetan.

Egitarauko ekintza horietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, aldez aurrertik eskertuz. "Jakin badakigu askotariko herritarrak elkartzen garela elkartasunez eta batasun giroan ezberdintasunen gainetik. Cabo Verdera besarkada bat eta ondo pasatu festak", gaineratu dute Sarekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide