Zestoako amabirjinak 2026

Hamazazpi txirrindularik irtengo dute Ondarbasoko Igoeran

Nerea Uranga 2026ko abuztuaren 27a

Iaz Ondarbasoko Igoerako parte hartzaile bat. (Ihintza Elustondo)

Larunbatean, Zestoako Gazte Egunaren barruan, 11:00etan hasiko da erlojupeko proba. Parte hartzaile bakoitzak hiru minutuko aldearekin irtengo du. Lasterketan parte hartuko dutenen artean Jon Mendia dago, Ondarbasoko Igoera hamabi minutu azpitik egin izan duena. Antolatzaileek herritarrak deitu dituzte txirrindulariak animatzera.

Amabirjin jaien atarikoak ospatuko dituzte asteburu honetan Zestoan, larunbatean Gazteen Eguna, eta igandean, Adinekoen Eguna. Biak ere ekitaldiz beteak. Gazteen Eguneko eguerdira arteko ekitaldi nagusia bizikleta gaineko erlojupeko Ondarbasoko Igoera izango da; 39. aldia izango du aurtengo txirrindularitza lasterketa herrikoiak.

11:00etan hasita, hiru minutuko aldearekin irtengo dute parte hartzaileek banaka. Joan den igandean bukatu zen erlojupeko proban izena emateko epea, eta hamasei txirrindularik osatuko dute zerrenda ofiziala. Baina hamazazpigarren batek ere irtengo du, antolatzaileen "baimen bereziarekin"; hori Oier Ibarguren izango da.

Parte hartzaile kopuruarekin "gustura" daude Ondarbasoko Igoeraren antolatzaileak, "esperotakoa" delako, Urtzi Landa antolatzaile taldekoak azaldu duenez. "Proba gogorra" dela gaineratu du, eta "meritu galanta" dutela parte hartzen duten herritarrek. Urte askotan parte hartu eta irabazle izandakoak ere izango dira lasterketaren irteeran; Jon Mendia tartean. "Hamabi minutu azpitik egin izan du igoera Mendiak, meritu handia du".

Laugarren urtez egingo dute eguerdi partean erlojupeko proba, eta ordu aldaketak eragina izan du ikusleak batzeko tokian. "Goizez egiten denetik, jende gehiena irteeran eta Lau Iturriko lehen aldapan elkartzen da txirrindulariak animatzeko. Arratsaldez egiten genuenean, berriz, herritar gehiago elkartzen zen goiko aldean". Herritarrak probako parte hartzaileak animatzera joateko deitu ditu Landak, eta lasterketaren garaian autoz Ondarbasora ezingo dela igo ohartarazi du.

39. Ondarbasoko Igoera, parte hartzaileen irteera hurrenkera:

  • Maddi Alberdi: 11:00.
  • Garikoitz Mendizabal: 11:03.
  • Leire Lopetegi: 11:06.
  • Eneritz Lizarralde: 11:09.
  • Mikel Alonso: 11:12.
  • Iñaki Uranga: 11:15.
  • Urtzi Zelaia: 11:18.
  • Iñaki Zubimendi: 11:21.
  • Eneko Albizu: 11:24.
  • Jon Aizpuru: 11:27.
  • Yosu Illarramendi: 11:30.
  • Aritz Elustondo: 11:33.
  • Julen Uranga: 11:36.
  • Jurdan Regillaga: 11:39.
  • Iratz Pou: 11:42.
  • Jon Mendia: 11:45.
  • Oier Ibarguren: 11:48.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide