Elkarrizketak

Zestoa Futbol Taldea, mende erdia katea zaintzen

Maddi Txintxurreta-Maialen Etxaniz-Usua Garin 2026ko uztailaren 9a

Zestoa Futbol Taldeak mende erdia bete du aurten. Kirola bultzatzeko irrikaz zegoen talde batek sortu zuen 1976an, eta geroztik, ibilbide oparoa egin du.

1976. urtea zen herrian kirola bultzatzeko irrikaz zegoen gazte talde batek Zestoa Kirol Bazkuna sortu zuenean. Erakunde horrek hainbat kirol diziplina hartzen zituen bere baitan –alpinismoa, atletismoa, txirrindularitza eta pilota, besteak beste–, horien artean, futbola. Orduan sortu zuten, beraz, aurten 50 urte bete dituen Zestoa Futbol Taldea.

Futbol taldea osatzea lortu zuten, baina herrian ez zegoen futbol zelairik. Akuako zelai batean egin zituzten lehen entrenamenduak, Iraetara mugitu ziren gero, Aizarnazabalera ere bai... “Urte askoan aritu ginen futbol zelairik gabe entrenatzen”, gogoratu du Anselmo Astiazaranek (Zestoa, 1958). Partidak jokatzera, berriz, Azpeitia aldera joaten ziren, Zubiola futbol zelaira, besteak beste.

Kluba sortzeko bultza egin zutenetako bat da Astiazaran, eta ondo gogoan ditu talde zuri-beltzaren hasierako urteak. Akorduan du, adibidez, areto-futbolak hauspotu zuela, nolabait, Zubiaurreko futbol zelaia eraikitzea. "Kiroldegia eraikitzen amaitu zutenean, areto-futbola jokatzen zuten bertan eskoletakoek, eta arrakasta izan zuen. Taldeak ez zuen partidarik galdu urte osoan. Orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Eusko Jaurlaritzak zera esan zuten: 'nolatan ez duzuela zelairik?' Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta Zubiaurreko zelaia egin zuten 1982 eta 1983 artean", azaldu du gaur egun Zestoa Futbol Taldearen zuzendariordea denak.

Lau hamarkadako ibilbidean, momentu gozoak eta gaziak bizi izan ditu Zestoako futbol klubak. Une atseginen artean, futbol zelaia Zestoako herrigunean zegoeneko urteak aipatu ditu Astiazaranek, garai hartan denboraldi oso onak egin baitzituzten talde zuri-urdinek. 1990ean, "kanpaina bereziki polita" egin zuten klubeko jubenilek, eta Belgikara joan behar zuten torneo bat jokatzera. Zoritxarrez, taldeko jokalari bat istripuz hil zen saninazioen bueltan, eta bidaia bertan behera uztear egon ziren arren, Belgikara joatea erabaki zuten taldekideek. "Irabaztera joan ginen. 16-21 urteko jokalariak ziren, eta torneoa irabazi zuten. Geroztik, asko aldatu zen jokatzeko era. Kategoria bat igo zuten, hurrengo urtean beste bat... Guretzat oso altuak ziren mailetan finkatu ginen: Lagun Onakek, Anaitasunak edo Zarautzek jokatzen zuen mailetan", kontatu du Astiazaranek. Hala ere, haren esanetan, klubaren helburu nagusia ez zen bere taldeak maila altuan aritzea, futbolaren "katea ez puskatzea" baizik. "Taldeek jarraipen bat izatea eta gazteen taldeak osatzea nahi genuen, mutilenak zein neskenak", berretsi du.

Jon Mikel Olmos: "50 urte egiteak esan nahi du proiektu honek belaunaldien arteko erreleboa duela"

2001ean, halaber, gizonezkoen lehen taldeak goia jo zuen: Zestoak Gipuzkoako erregional kategorietan jokatu izan du beti, baina urte hartan, Espainiako Ligako Hirugarren Mailara iritsi zen. Denboraldi batez jokatu zuen maila horretan. "Izugarria izan zen", ziurtatu du klubeko zuzendariordeak. Gogoan du Zubiaurreko zelaiak ez zituela betetzen maila horretan eskatzen zituzten baldintzak, eta beraz, Donostiako Zubieta estadioan jokatzen zituztela partidak.

Momendu zailen inguruan ere egin du gogoeta zestoarrak, eta segituan datorkio bat akordura: Zubiaurre itxi eta Iraetara mugitu behar izan zuten momentua. "Ez genuen hona etorri nahi, pentsatzen genuen proiektua egin zitekeela geunden lekuan. Orduko zuzendaritzakook dimisioa eman genuen. Gogorra izan zen etortzea. Zubiaurre bertatik bertara zegoen, eta jendetza joaten zen. Pentsatzen genuen hona ez zela jenderik etorriko, haurrentzat ere zailagoak dira desplazamenduak. Dena aldatu zen, baita maila ere: hasieran lehengo mailari eustea lortu genuen, baina gero jaitsi egin zen", aitortu du. Zuzendaritza talde berria osatu zuten gero, eta Astiazaran beraren eta utzita zeuden kideen laguntzarekin, eta klubak norabidea berreskuratu zuen.

Anselmo Astiazaran eta Jon Mikel Olmos, Iraetako futbol zelaiko aulkian. (Maialen Etxaniz)

300 jokalariren etxea

50 urteren ostean, bidean une atseginak eta zailak igarota, gaur egun 300 futbol jokalari aterpetzen ditu Zestoa Futbol Taldeak, eta etorkizunera destatuta du begirada. Jon Mikel Olmosek (Bilbo, 1994) Anselmo Astiazaranek besteko esperientzia, duela bi urte eta erdi batu baitzen zuzendaritzara, baina futbolaren katea eten ez dadin ari da lanean. Ildo horretatik, nabarmendu du garrantzia handia duela klubarentzat mende erdia betetzeak. "50 urte egiteak esan nahi du proiektu honek belaunaldien arteko erreleboa duela. Proiektuak jarrai dezan nahi du herriak, eta hori da inportanteena", esan du.

Astiazaranek esan bezala, Olmosek ere berretsi du adin eta maila guztietako taldeak osatzea dela klubeko zuzendaritzaren helbururik behinena, eta gizonen kasuan katearen segida bermatuta dagoen arren, ez da berdin gertatzen emakumeen taldeen kasuan. "Batzuetan ez dira taldeak sortzen, ez dagoelako jende nahikorik", damu da Olmos. Hori dela eta, Zestoako eta inguruko emakume futbolzaleak Iraetara hurbiltzeko animatu ditu, eta ziurtatu baitu klubak beso-zabalik hartuko dituela.

Zestoa Futbol Taldeak iaz egin zuen lehenengoz klubaren eguneko festa, baina aurten, 50. urteurrena izanik ere, ez dute ospakizun berezirik antolatu. Ekitaldiak aurreragorako utziko dituztela iragarri dute, Iraetako futbol zelaiaren belarra aldatzeko asmoek atzeratu behar izan baitituzte ospakizunak. Orain, egindakoaz aparte, egiteko dagoenari begira jartzea tokatzen zaie. "Katea ez dadila eten, hori da helburu nagusia. Zeren, hori lortzen badugu, emaitzak iritsiko dira", ziurtatu du Astiazaranek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide