Donostiako Lurralde Auzitegiak ekainaren 5ean jakinarazi zuen "elkartasun feminista" gauzatzeagatik joan den abenduan epaitutako sei zestoarrak absolbitzeko erabakia, eta Zestoako Talde Feministak auzi horri lotutako adierazpena kaleratu du gaur. "Elkartasuna ez da delitua" izenburupean, zazpi urte iraun duen prozesu judizialaren inguruko balorazioa egin dute talde horretako kideek, absoluzioaren pozaz harago, auziak bestelako ondorioak ere eragin dituelako.
Zazpi urteko "bide luze eta gogorraren" ondoren, absoluzioaren berria pozez hartu duela azaldu dute. "Arnasa hartu dugu. Poztu gara. Eta urte hauetan guztietan elkartasuna adierazi duzuen guztiekin partekatu nahi dugu poz hori". Eskerrak eman dizkiete herritar guztiei, hasieratik alboan izan dituztenei. Eskerrak eman dizkiete mobilizazioetan parte hartu dutenei ere, babes mezuak bidali dizkietenei, zaintza lanetan aritu direnei, diruz lagundu dituztenei, epaitegi aurrean egon zirenei eta urteotan guztiotan auzipetuei eta haien ingurukoei sostengua eman dietenei. Eta eskerrak eman dizkiete eskualdeko mugimendu feministako kideei ere, elkartasunagatik.
Baina dena ez da poza. Epaia pozik jaso duten arren, urteotako memoria egiteko unea ere badela iritzi diote. Izan ere, "absoluzioak ezin ditu ezabatu zazpi urte hauetan herriko sei kidek bizi izan dituzten sufrimendua, nekea eta ziurgabetasuna; espetxe zigorraren mehatxupean bizi behar izan dute urte luzez". Nabarmendu dute kostu ekonomiko handiak, kostu emozionalak eta etengabeko tentsioa pairatu dituztela haiek eta haien gertukoek. "Horregatik, absoluzioa ospatzen dugun bezala, ezin dugu ahaztu prozesua bera zigor bat izan dela".
Hasieratik esan izan dutena berretsi dute beste behin: auzi honetan ez zirela soilik sei herrikide epaitzen ari. "Elkartasun feminista bera jarri dutela auzitan. Emakume bati babesa ematea, haren alboan egotea, sare komunitarioak aktibatzea eta indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboak antolatzea jarri dituzte jomugan". Eta oraindik ere beren buruei galdera berak egiten jarraitzen dute: "Nola da posible halako auzi bat epaitegietara iritsi izana? Nola da posible zazpi urtez luzatu den prozedura bat eraikitzea emakume baten inguruan sortutako babes sarearen aurka? Nola da posible espetxe zigorrak eskatzea elkartasuna adierazi duten herrikideentzat?". Egungo sistema judizialak halako auzi bat tramitatzea eta zazpi urtez mantentzea normaltzat ezin dela jo nabarmendu dute, eta Zestoakoen kasuak agerian utzi dituela "oraindik ere indarkeria matxistaren aurrean dauden kontraesanak, mugak eta hutsuneak". Horregatik esan dute "salaketa hau ez dela amaitzen epaiarekin batera".
Era berean, garrantzitsua deritzote ebazpenak dioena arretaz irakurtzea, eta hortik atera beharreko "ondorio politiko eta juridikoak aztertzea". Baina gaur, batez ere, elkar zaintzeko unea dela azpimarratu dute. "Urte hauetan guztietan zaintzak eutsi dio komunitate honi. Zaintzak eutsi die auzipetuei. Zaintzak eutsi die familiei, lagunei eta bidelagun izan garen guztioi. Eta zaintzak ekarri gaitu honaino".
Baina aurre begira ere jarri dira, garbi dutelako hemendik aurrerako konpromisoa ere. "Aurrerantzean ere, sendo eutsiko diogu elkartasun feministaren konpromisoari. Ez dugu pauso bat bera ere atzera egingo indarkeria matxistaren aurrean. Ez dugu amore emango emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean babes sareak eraikitzen. Ez dugu onartuko elkartasuna kriminalizatzea. Eta behar den guztietan berriro egingo dugu: elkar entzun, elkar sinetsi, elkar babestu eta elkar zaindu".