Xabi Solanok eta Jon Garmendiak kontzertua emango dute larunbatean San Lorenten

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 2a

Xabi Solano eta Jon Garmendia.

Bidasoatik harago emanaldia eskainiko du bikoteak, trikitixarekin, gitarrarekin eta kantuekin apaindutako ipuin laburrek eta poemek osatzen duten ikuskizuna. Sarrerak Zestoako turismo bulegoan eskura daitezke, 10 euroren trukean. 

Xabi Solanok eta Jon Garmendiak Bidasoatik harago emanaldia eskainiko dute larunbatean San Lorenteko ermitan, 18:00etan hasita. Sarrerak mugatuak izango dira, eta Zestoako turismo bulegoan eskura daitezke horiek, 10 euroren trukean. 

Xabi Solanok eta Jon Garmendiak 30 urte daramatzate elkarrekin sorkuntzan, Xabik musika sortuz eta Jonek hitzak idatziaz. Ibilbide horretan, 250 kantutik gorako bilduma osatu dute elkarrekin, Etzakit, 4itzal edo Esne Beltza bezalako musika taldeetan.

Bakarka ere aritu izan dira ikuskizun desberdinetan; orain, baina, elkarrekin Bidasoatik harago emanaldia prestatu dute. Trikitixarekin, gitarrarekin eta kantuekin apaindutako ipuin laburrek eta poemek osatzen dute ikuskizuna. Bi artisten arabera, zentzuak eta emozioak esnatzeko gonbidapena da, ordu eta laurdenean herriaz, kulturaz, historiaz, desirez, ametsez eta maitasunez hitz egiten duen eskaintza. 

Zestoako Udaberri Kulturalaren barruan eskainiko dute bi musikariek emanaldia. Otsailaren amaieratik ekainera bitartean 11 hitzordu izan dira ekimenaren barruan. Kalakan taldeak hilabete pasatxo atzeratu zuen bere kontzertua grebagatik, eta data berriarekin, ekainaren 20an eskainiko duen kontzertuarekin amaituko da aurtengo udaberri kulturala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide