Kultur ekitaldiz josiko dute udaberria Zestoan

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 19a

Ezkerretik eskuinera, Maria Blanco, Mikel Arregi, Jone Exposito eta Gotzon Lizaso, gaur, Zestoako plazan. (Mailo Oiarzabal)

Zestoako Udaberri Kulturala aurkeztu dute, udalak zein herriko beste eragile batzuek antolatutako ekintzekin osatu duten egitaraua. Musika emanaldiak nagusi dira zerrendan; tartean, Fundizio Fest berreskuratuko dute. Punpairez umore ikuskizun eta irratsaioarekin hasiko da Udaberri Kulturala, otsailaren 27an.

Udan zer Zestoan? goiburuarekin udako festen atariko ekitaldiak bateratu ohi zituen egitarauren antzeko ildoari jarraituta, Zestoako Udaberri Kulturala aurkeztu dute gaur udaletxean, udalak eta herriko zenbait eragilek datozen hilabeteetarako prestatu dituzten ekitaldiak bateratuko dituen egitaraua.

"Udara garaia edo festak hasten diren sasoia bitarteko eremua kultur ekitaldiz josteko saiakera" egin dutela azaldu du Mikel Arregi alkateak aurkezpenean, Zestoako Udaberri Kulturalaren barruan aurkeztu dituztenetatik "aparte ere" ekitaldi gehiago izango direla zehaztuta –Gaztetxeko kontzertuak otsailaren 28an, Ixaropena dantza taldearen emanaldia zein Antzerki Astea ekainean...–.

Udalak zuzenean antolatutakoak nahiz herriko eragileek erakundearekin lankidetzan sustatutakoak, denetarik dago gaur aurkeztu duten egitarauan. "Herri txikia gara, herri bizia gara, kultur sortzaile eta eragile asko dituen herria, zorionez. Horrek bere islada behar du herrian, eta hori da honen helburua" adierazi du Arregik agerraldiaren azken txanpan. Hain zuzen ere, eragile horietako batzuen ordezkariak izan ditu ondoan alkateak gaurko aurkezpenean: Punpairez ikuskizuneko aurkezleetakoa den Maria Blanco, Fundizio musika elkarteko Jone Exposito eta Portale kultur elkarteko Gotzon Lizaso.

Musika nagusi

Zestoako Udaberri Kulturala izan arren, lehen hitzorduak neguan izango dituzte. Lehendabizikoa, bihar zortzi, otsailaren 27an. Egun horretan, 19:30ean, umore ikuskizuna eta irratsaioa ere baden Punpairez iritsiko da Kultur Etxera. Blancok azaldu duenez, Punpairez umorezko ikuskizun gisa jaio zen, baina gaur egun Naiz Irratiaren saioetako bat ere bada. "Saiatzen gara hilero herri batera joaten, eta herri horretako pertsona ezagun, xelebre edota denok ezagutzen ditugun horiei elkarrizketatxoak egiten", azaldu du zestoarrak, umore ikuskizun-irratsaioaren formulan bakarrizketak eta zuzeneko musika ere badaudela gaineratuz. Zestoako saioan izango dituzten gonbidatuak ere aurreratu ditu Blancok: Mikel Irure eta Naroa Agirre. Punpairez zer den jakin nahi dutenek hurrengo ostiralean izango dute aukera Zestoako Kultur Etxean; joan nahi dutenek sarrera eskuratu beharko dute. Herriko jendeari "beti" ematen zaio tokia Zestoako Udalaren egitasmoetan eta hori "eskertzekoa" da, Blancoren esanetan.

Otsailaren 27tik ekainaren 6ra, 11 data eta hitzordu izango ditu Zestoako Udaberri Kulturalak, eta horietako gehienak musikarekin lotutakoak izango dira. Josu Okiñena eta Alexandre Da Costa, Jurgi Ekiza, Kalakan, Xabi Solano eta Jon Garmendia Txuria Zestoan ariko dira uda aurretik, baina gaur aurkeztu duten egitarauan bada musikari lotutako beste ekitaldi berezi bat: hiru urteko hutsunea eta gero, Fundizio Fest berreskuratuko dute. 2021ean eta 2022an lehen bi edizioak egin ondoren, 2026an egun bateko musika jaialdia berriro egitea erabaki du Fundizio musika elkarteak. Maiatzaren 23an izango da aurtengoa, baina momentuz, data da aurreratu daitekeen xehetasun apurretakoa. "Arratsaldetik aurrera kontzertuak egingo dira herriko hainbat lekutan, tartean Gaztetxean eta plazan. Zehaztu gabe guztiz, eta spoiler handirik egiteko intentziorik gabe, kartelaren berri ez dizuegu emango oraindik", esan du Expositok gaur. Fundizio elkartekoak "azpimarratu" nahi izan du, hori bai, jaialdian parte hartuko duten taldeen "ehuneko handiena" herrikoena izango dela, "kanpotik" etorriko den beste talderen batekin hornituta.

Portale kultur elkarteak ere jarriko du bere alea Zestoako Udaberri Kulturalean. Oraindik "airean" eta lotzeko dituzten beste ekintza batzuk ez dituzte egitarauan sartu, Lizasok aipatu duenez, baina bai Jurgi Ekizak apirilare 17an Portalen bertan emango duen kontzertua. Eguraldiak laguntzen badu, terrazan izango da emanaldia, Lizasok aurreratu dutenez. Baina Ekizaren kontzertua ez da kokagunea airean duen ekitaldi bakarra: Kalakanen maiatzaren 15eko kontzertua zein Xabi Solanok eta Jon Garmendia Txuria-k ekainaren 6an San Lorenten eskainiko duten agerraldia aire zabalean ala aterpean izango diren ez dute zehaztuko, unea iritsi arte.

24. Korrikaren bueltako ekintzekin osatuko dute Zestoako Udaberri Kulturala. Aurten bitan eta bi egunetan igaroko da, Arroabetik martxoaren 25ean eta herrigunetik martxoaren 28an, eta Arroabean zein herrigunean, ekitaldi bat baino gehiago egingo dituzte horren bueltan. Martxoaren 26an, bertso-poteoa izango dute Zestoan, Aitor Salegirekin eta Oskar Alberdirekin; 27an, Jon Maiarekin eta Unai Iturriagarekin bertso afaria, Arroabean; eta 28an, elektrotxarangak girotuko du arratsaldea herrigunean.

Udaberriko uztak zer emango duen ikusgai dago, baina udazkenerako ere antzeko egitarau bat osatzeko asmoa badutela aurreratu du gaur Arregik.

Egitaraua

Hau da, gaur arte zehaztutako xehetasunekin, Zestoako Udaberri Kulturalaren egitaraua:

Otsailak 27, ostirala

  • Punpairez ikuskizuna eta irratsaioa. 19:30ean, Kultur Etxean.

Martxoak 6, ostirala

  • Kontzertua: Josu Okiñena piano jotzailea eta Alexandre Da Costa biolin jotzailea, elizan.

Martxoak 26, 27 eta 28 (ostegunetik larunbatera)

  • 24. Korrikaren bueltako ekitaldiak.

Apirilak 17, ostirala

  • Kontzertua: Jurgi Ekiza, Portalen.

Apirilak 24, ostirala

  • Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa. 19:00etan, Kultur Etxean.

Maiatzak 15, ostirala

  • Kalakan. 19:00etan (tokia zehazteke).

Maiatzak 23, larunbata

  • Fundizio Fest.

Ekainak 6, ostirala

  • Bidasoatik harago emanaldia, Xabi Solanorekin eta Jon Garmendia Txuria-rekin, San Lorenten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide