Euskarari lotutako Pizkunde berrirantz? solasaldia izango da bihar Zestoan, Euskal Herrian Euskaraz elkartearen koordinatzaile den Intza Gurrutxagak gidatuta. Elkartearen arabera, independentziaren bidea beharrezkoa litzateke euskara eta euskal komunitatea bizirik iraunarazteko, eta hori ikuspegi intersekzionala garatuta lortuko litzateke. Gaiari lotutako azalpenak emango ditu Gurrutxagak bihar, 18:30ean hasita Alonderon eskainiko duen saioan.
Euskara erdigunean jartzeko eta euskararen egoeraren inguruan hausnartzeko maiatzean zehar Zestoan antolatu duten Euskararen Loraila egitasmoaren barruan eskainiko du saioa Gurrutxagak. Sarrera doakoa izango da.