Maiatzean zehar askotariko ekitaldiak egingo dituzte Zestoan Euskararen Loraila. Euskarak loratzeko gure zaintza behar duelako egitasmoaren barruan. Zestoako Udalak eta Euskara Foroak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, euskara erdigunean jartzeko, eta, bide batez, herritarrek gaur egun euskara bizitzen ari den egoeraz hausnartzeko.
Frankopoleon antzezlanak emango dio hasiera egitarauari. Maiatzaren 5ean, asteartez, izango da Kultur Etxeko areto nagusian, 18:30ean. 2070. urtera jauzi egingo du antzezlanak, eta umorez nahiz ironiaz islatuko dituzte euskal komunitatearen egungo kezka nagusiak. Aipagarria da taularatuko diren aktoreen artean Inma Koiote herritarra izango dela.
Hitzaldientzat ere izango da tartea, hala nola, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak maiatzaren 12an Alonderon eskainiko du egitasmoko aurreneko saioa, 18:30ean hasita. Elkartearen arabera, independentziaren bidea beharrezkoa da euskara eta euskal komunitatea bizirik iraunarazteko, eta hori ikuspegi intersekzionala garatuta lortuko dute. Gaiari lotutako azalpenak emango dituzte saioan.
Bestalde, gorrotoaren kultura zabaltzen ari dela iritzita, Gorrotokrazia izango dute hizpide maiatzaren 19an, 18:30ean hasita, Alonderon eskainiko duten saioan. Solasaldi horretan hiru hizlari izango dira: Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko nahiz Astindu Armayuek taldeetako kidea, Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kidea eta Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Bakoitzak gaiari lotuta bere esparruan duen egoera azalduko du.
Egitasmoari amaiera emateko, maiatzaren 26an, UEMAk Esnatu gure hizkuntzak har dezan arnas kanpaina aurkeztuko du Alonderon, 18:30ean. Egungo egoerari buelta ematea ezinbestekotzat jotzen du UEMAk, eta kezka eta ardura horretatik abiatuta sortu du Esnatu dinamika: lurralde osoan arnasguneak babesteko eta sendotzeko, euskararen biziberritzean motor izan daitezen. Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak gidatuko du saioa.