Zestoako eta Elizondoko (Nafarroa) musika bandak zuzenean entzuteko aukera izango dute musikalzaleek datorren zapatu eguerdian Zestoan.
Bi banden arteko elkartrukearen itzulerakoa izango da larunbatekoa. Iaz, 115. urteurrena zuela-eta Zestoako Bandak prestatu zuen ospakizun ekitaldien zerrendako lehendabizikoa izan zen Elizondora eginiko irteera. Datorren asteburuan, hilaren 9an, elkartrukearen lehen atal hartatik urtebete pasara, Zestoan izango dira Baztango musikariak, etxekoekin batera aritzeko.
Kalejira eta kontzertua
Ateri bada, bi bandak kalejiran ibiliko dira lehendabizi zapatuan, 11:45etik aurrera, Zestoako kaleetan. Kontzertua, berriz, 12:30ean hasiko da; euri arriskurik ez bada, Euskal Herria plazatxoan izango da, eta bestela, kiroldegiko aterpean.
Zestoako Bandak irekiko du emanaldia, lau pieza hauek eskainiz: 1492 Conquest of Paradise (Vangelis), Mountain Moments (Luis Carlos Neves Serra), The Ludlows (James Horner) eta Azken Agurraren Negarra (Gorka Knörr). Ondoren, Elizondoko Bandaren txanda izango da, eta iru lan hauek joko dituzte bisitariek: Breakfast Melody (Ben Harmhoust), Oregon (Jacob de Haan) eta Indiana Jones (John Williams). Kontzertua amaitzeko, berriz, bi taldeek bat egingo dute, Zestoako bi pieza kuttun elkarrekin emateko: Ertxina (Esteban Velasco) eta Zestoa (Candido Beristain).