Umeen danborradarekin, bukatu dira Zestoako santakutzak

Urtzi Oteiza 2026ko maiatzaren 3a

Atzo hasi ziren Santa Kutz jaiak helduen danborradarekin, eta gaur bukatu dira, umeenarekin. Dozenaka ume ibili dira kalez kale, Urolako trena irudikatzen zuen karroza lagun zutela. Iragarrita zegoena baino eguraldi hobea egin du festetan, eta giro bikaina nagusitu da.

Atzoko danbor hotsei gaur eman diete segida Zestoan. Izan ere, atzo helduek nola, gaur umeek hala astindu dituzte danborrak. 18:00etarako zuten hitzordua jarrita kiroldegiko aterpean, eta hain zuzen, hantxe elkartu dira dozenaka eta dozenaka ume, desfilerako prestatutako arropak eta danborrak soinean zituztela.

Kalez kale ibili dira, eta ohikoa denez, Gurutzean egin dute geldialdia partaide guztiek. Asko izan dira danborrada ikustera kalera atera diren herritarrak ere; izan ere, iragarrita zegoena baino eguraldi hobea egin du gaur ere. Karroza ere atera dute kalera umeen danborradarekin; hain zuzen ere, Urolako trena irudikatu dute aurtengoan, ehun urte baitira aurten trenbide hura inagururatu zutela.

Plazan bukatu dute danborrada, pieza bat bestearen atzetik jota. Giro bikainean eta alai ibili dira umeak desfilean, eta herritarrek ere gozatu egin dute herriko txikiei begira. Ekitaldiaren bukaeran euri zaparrada egin du, baina ez du jaia zapuzterik lortu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide