Bat baino gehiago ibili zen atzo arratsaldean eguraldi iragarpenari begira, baita zerura begira ere. Arratsaldean eta gauean euria egingo zuela iragarri zuten, baina ez zuten bete-betean asmatu; izan ere, santakutzetako helduen danborradak iraun zuen bi orduren bueltan ez zuen batere euririk egin Zestoan. Giro bikainarekin, berehala murgildu ziren festan herritarrak.
22:30ean hasi zen helduen danborrada, iragarrita zegoen gisan. Zortzi talde atera ziren kalera, Zestoako Musika Bandak, Zumai txarangak, Ustekabe txarangak eta Azpeitiko Udal Musika Bandak lagunduta. Ibilbidea bitan banatuta hasi zuten; batetik, Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapuzarrak, Zintxotarrak atera ziren; eta bestetik, Ipintza, Lau Iturri, Aldrebesak eta Atabalak. Horiek denak Gurutzean elkartu ziren aurrenekoz, eta han elkarrekin hainbat pieza jota, bitan banatuta egin zuten, kalez kale, plazara arteko ibilbidea. Atzera plazan elkartu ziren zortzi taldeak gauerdiaren bueltan, eta udaletxeko balkoitik suziria botata eta herriko bandera nahiz ikurrina altxatuta, hasi zituzten ofizialki Santa Kutz festak.
Atzoko plazako geldiunea berezia izan zen. Izan ere, iazko santakuntzak igaro berritan hil zen Jesus Aizpurua Txispi izan dute gogoan, urte askoan Lau Iturri taldearen zuzendari izandakoa. Gauerdia igarotakoan, omenalditxoa egin zioten Txispiri udal ordezkariek nahiz bera kide zen Lau Iturri elkarteko kideek; hain zuzen ere, elkarteko ordezkariek nahiz Mikel Arregi alkateak gogoan izan zuten zestoarra. Gainera, hark hain gustuko zuen Debako martxa jo zuten plazan ziren danbor jotzaileek. Aurten jo dute lehen aldiz pieza hori, Txispiren oroimenez, eta aurtengo danborradako unerik gogoangarriena horixe izan zen, beharbada.
Umeen txanda, gaur
Gaur, Santa Kutz egunez, umeen danborrada izango da egitarauko protagonista nagusia. Izan ere, goizean, 10:30etik aurrera, Idiakaitz txistulari taldea ibiliko da kalez kale, baina hitzordu garrantzitsuena arratsaldean izango da. 18:00etan hasiko da haurren danborrada, baina eguraldi iragarpen kaskarra tarteko, kiroldegiko aterpean egingo dute juntadizoa. Han elkartuko dira danbor jotzaile txikienak, eta gero, ohiko moduan egingo dute danborrada. Bukatzean, gurasoak eta danborradako partaideak kiroldegiko aterpean elkartuko dira berriro.