Txispi zenaren txinparta inoiz itzal ez dadin

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 2a

Jesus Aizpurua 'Txispi', iazko danborradan, Lau Iturri taldea zuzentzen. (Andoni Elduaien)

Iaz hil zen Jesus Aizpurua Txispi, urte askoan Lau Iturri taldearen zuzendari izandakoa, eta hura izango dute gogoan gaur iluntzeko helduen danborradan. Hain maitea zuen Debako martxa talde guztiek batera joko dute lehen aldiz, eta danborradako errepertorioaren parte izango da aurrerantzean.  

Ezagunena Azpeitiko San Sebastian egunaren bezperakoa izan arren, Urola Kostako beste hainbat herritan ere egiten dituzte danborradak: sanandresetan Azkoitian, santelmoetan Zumaian, sanpelaioetan Zarautzen... eta santakutzetan Zestoan. Hain zuzen ere, bihar, maiatzaren 3an, izango da Santa Kutz eguna, eta bezperako gauean egiten dute helduen danborrada; gaur izango da, beraz. Agian ez du izango bailarako danborradarik ikusgarrienaren fama, baina hitzordu kutuna dute zestoarrek, batez ere parte hartzen dutenek, han sortzen den giroak ez duelako inguruko herrietakoaren inbidiarik. Aurtengoa, gainera, are bereziagoa izango da, omenaldi kutsua ere izango baitu. Iazko santakuntzak igaro berritan hil zen Jesus Aizpurua Txispi, urte askoan Lau Iturri taldearen zuzendari izandakoa, eta hura gogoan, horren gustuko zuen Debako martxa danborradako piezen errepertorioan sartzea erabaki dute.

Beñat Etxabe Zestoako Bandaren zuzendariak azaldu duenez, Txispik askotan eskatu izan zuen Debako martxa jotzeko, eta errepertorio ofizialean aurten sartu badute ere, zenbait zestoarrentzat dagoeneko ezaguna da abesti hori. "Bera Lau Iturri taldearen zuzendaria zen, eta kaleko danborrada bukatu eta gero, soziedadera erretiratu aurretik, Lau Iturrik eta Ipintzak ohitura zuten Uztapide plazan elkartu eta abesti hori jotzeko, Txispiri gustatu egiten zitzaiolako". Horregatik, joandako laguna omentzeko modurik onena haren pieza maitea errepertorian sartzea dela iruditu zaie.

Izan ere, Zestoako danborradan ohiko parte hartzailea zen Txispi; Etxabek esan duenez, berak hor ezagutu izan du beti. "Pertsona saltseroa zen, graziosoa eta maitatua, eta Zestoako danborradako pertsonaia ikonikoetako bat; nik zuzendari gogoratzen dut beti. Merezitakoa du omenalditxoa, eta zer modu hoberik bere gustuko pieza jotzea baino?".

Erreleboa, prest

Anne Uria izango da, hein batean Txispik utzitako zuloa betez, aurten Lau Iturri taldearen zuzendari ariko dena, eta hunkitu egin da lagunaz gogoratzean. "Berezia izango da aurtengoa, denok sumatuko dugu Txispiren hutsunea". Uriak aitortu du aspaldiko ametsa zuela haren erreleboa hartzea, nahiz eta beste modu batera egitea pentsatzen zuen. "Zortzi urte izango ziren bere erreleboa hartu nahi nuela esaten ari nintzaiola". Hasiera batean zuzendariaren makila iaz eskualdatzekoak zirela kontatu du. "Baina azkenean ezetz esan zidan, aurten egingo genuela; aurten biok irtengo ginela zuzendari, horrela agurtuko zela, eta gero nik jarraituko nuela; baina gauzak ez zaizkigu guk pentsatuta bezala atera".

Ardura puntu bat sentitzen duela adierazi du Uriak, baina beste ezeren gainetik, ilusioz gainezka eta unea iristeko gogotsu dagoela. "Etxean oso gustuko ditugu santakutzak eta danborrada, nire ama ere zuzendari irtendakoa da Txispik ezin izan zuen urte batean, eta bestela ere egun berezia izaten bada, aurtengoa are eta gehiago izango da". Hala ere,  "nahiko lasai" dago Uria, eta dena behar bezala joango denaren ziurtasunez mintzatu da. "Saiatuko naiz ahalik eta ondoen egiten, eta badakit dena primeran joango dela, talderik onena daukadalako".

Egitarau xumea

Gaur gauean, 22:30ean hasiko da danborrada, eta honako zortzi taldeek parte hartuko dute: Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapuzarrak, Zitxondarrak, Ipintza, Lau Iturri, Aldrebesak eta Atabalak. Horiek Zestoako eta Azpeitiko bandak eta Ustekabe eta Zumai txarangak izango dituzte lagun. Danbor festaren aurretik, baina, 19:00etatik aurrera, Idiakaitz txistulari taldeak eta Zestoako eta Azpeitiko bandek giroa berotzen hasteko kalejira egingo dute.

19:30erako, berriz, Antton etxera! lelopean elkartasun argazkia ateratzeko deia egin dute , Antton Olaizola zestoarraren herriratzearen aldeko, Laranjadi plazan jarri dute hitzordua.

Horrelakoetan normala denez, zestoar askok goizaldera arte luzatuko dute festa, baina izango da indar apurren batzuk biharko gordeko dituenik, Santa Kutz egunerako prestatu duten egitarau xumeari aurre egiteko. Goizean, 10:30etik aurrera, berriz ere Idiakaitz txistulari taldea ibiliko da kalez kale, eta eguneko hitzordu garrantzitsuena arratsalde partean izango dute: umeen danborrada, 18:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide