Atzo Arroabetik igaro ondoren, etzi, larunbatarekin, iritsiko da 24. Korrika Zestoako herrigunera. Baina gaur bertan hasi dira euskararen sugarra kalez kale barreiatzen, Korrika Txikiarekin.
Bi urtez behin ohi dutenez, euskararen aldeko oihuekin eta kantuekin zeharkatu dituzte herriguneko kaleak Zestoako Herri Ikastetxeko ikasleek. Arteaga auzotik plazarainoko ibilbide osoa egin dute korrika nagusienek, eta ibilbidean zehar joan zaizkie haiei batzen gainerako mailetakoak, Gesalaga kalean batzuk, Gurutzean beste batzuk, eta Erdikalearen barrenean txikienak.
Plazan, bi ikasleek udaletxeko balkoira igota Korrikaren, AEK-ren eta euskararen aldeko idatzi irakurri ondoren, aurtengo Korrikaren abestiaren doinuekin kantuan eta dantzan bukatu dute Korrika Txikia.
Aurkezpena eta bertso poteoa
Korrika Txikia ez da, ordea, 24. Korrikaren bueltan gaur Zestoan izango duten hitzordu bakarra. Korrika Kulturalaren barruan, hitzordu bana izango dute Arroabean eta Zestoan, biak 19:00etan.
Arroabeko Elkargunean, Iñaki Iurrebasorekin batera idatzi duen Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du Gari Goikoetxeak. Bitartean, Zestoako herrigunean, bertso poteoa egingo dute, Aitor Salegi eta Oskar Alberdi bertsolariekin.