24. Korrika Oriotik sartu da Urola Kostara, eta Zarautz, Getaria, nahiz Zumaia pasatu ostean, Korrikak Arroabetik sartu du muturra barnealdera. Hala ere, Zumaiatik etorri den jendetza iritsi aurretik, euskararen aldeko festa ospatzen aritu dira arroarrak, eskolako ikasleek Korrika Txikia egin baitute goizean.
Arratsaldean, Arroako VIII. Ipuin Lehiaketako sariak banatu dituzte eskolan, eta ondoren, txokolate beroa dastatzeko aukera izan dute txikienek frontoian. Baina azkar gailendu zaio sabeleko urduritasuna txokolatearen gozoari. N-634 errepide ertzera hurbildu dira arroarrak, eta Korrika iritsiko zain izan dira han, antena Zumaia aldera destatuta.
Furgonetako animatzaileen aldarriek eta zumaiarren erantzunek iragarri dute Korrikaren etorrera 18:10ak aldera, eta antena jadanik Itziar (Gipuzkoa) aldera destatuta, Korrikara batu dira arroarrak, euskarari eta euskararen aldeko ekimen sozial erraldoiari Atharratzetik (Zuberoa) eskuz esku iritsi den testiguaren atzetik bultza eginez.
Larunbatean gehiago
Itziar aldera lasterka eginez, "laster arte" esan diote Urola Kostako euskaltzaleek 24. Korrikari, ez baitirira gaur agortu eskualdeko kilometroak: larunbatean barrualdeko herriak zeharkatuko ditu euskararen aldeko aldarriak.
Aurreikuspenen arabera, 15:02an helduko da Errezilera, eta handik Azpeitirako bidea hartuko du, herrira 15:52an heltzeko. Urola bailaran barrena, Zestoara helduko da Korrika 17:05ean; han buelta emango du, ibaian gora egin, eta Azpeitia zeharkatu eta gero, Azkoitira helduko da, 18:33an. Han, Azkarateko maldak igota, Elgoibarko (Gipuzkoa) eragileen esku utziko dute lekukoa.