Fiat etxeko furgoneta zaharrean apenas geratzen zen lekurik material gehiago sartzeko. Darahli elkarteak boluntarioak Zestoako bainuetxe ondoko tren geltoki zaharraren bueltan zebiltzan pasa den ostegunean, hilaren 12an, dohaintzan jasotako materiala geltokitik atera, plastikoarekin babestu eta bidaia luze baterako prestatzen. Izan ere, Zestoan bildu dituzten hamasei gurpil-aulki, taka-taka eta osasun materiala ere bidali dute aurten Euskal Karabanaren bidez Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara.
Larunbatean abiatu zen karabanako espedizioa Donostiatik Alacantera (Herrialde Katalanak), Oranera (Aljeria) eramango zuen ferrya hartzeko. Errepidera atera ziren kamioien artean zegoen Fiat furgoneta zuria, bere hirugarren bizitza abiatzeko prest.
Mikel Arregi Zestoako alkateak gidatu zuen ibilgailua gordeta zuten lokal edo garajetik bainuetxe ondora, bertaratutako guztien artean kargatu zezaten. Arregiren esanetan, udalak dohaintzan emandako furgonetak bizitza luzea izan du. "Urtea askoan San Juan egoitzan erabili zuten autobus bezala, eguneko zentrora zein egoitza bertara egoiliarrak eramateko".
Txatartegia ekidin
Urteekin, eta erabilpenaren poderioz, ibilgailua kaltetzen joan zen, eta txatartegira botatzeko erabakia hartu zuen egoitzako zuzendaritzak. "Egoitza kudeatzen duen fundazioko presidentea alkatea denez, hor furgoneta hartzea erabaki genuen, proba bat egin eta mekanikariarengana eramateko", du gogoan Arregik. Ikusi zuten oraindik ere erabilgarri zegoela, azterketak ere pasatu zituen, "eta auzo bus bezala erabiltzea erabaki genuen, urtebeteko proba piloto bezala".
Herrigunea auzoekin lotzeko erabili zuten auzo busa, "Zestoa Aizarnarekin, eta gero lotura egiten zuen, baita ere, Arroagoiarekin", dio Zestoako alkateak. "Horrela ibili ginen urtebetez, aldundiarekin hitzarmen bat sinatu arte. Argudiatu zuten herri barruko zerbitzua zela. Ibili ginen hitzarmena gora, hitzarmena behera; Mugi sartu edo ez, baina azkenean aldundiak esan zigun udalak hartu beharko lukeela busaren kargua".
Gurpil-aulkiak, taka-takak eta osasun materiala eramango dute furgonetan
Zerbitzua doan eman zuen udalak iraun zuen proba garaian, eta urtebete eta gero kentzea erabaki zuen. "Auzo taxia eta beste gauza batzuk jarri genituen, eta auzo busa kendu egin genuen", gogoratu du Arregik.
Iazko apirilean izan zen Arregi bera Saharako kanpalekuetan, bailarako beste alkate batzuekin batera, "eta han ikusi genuen zer behar zituzten, bereziki hirugarren adineko zerbitzuetan. Ikusi genuen garraiorako zerbait behar zutela, ez zutelako horretarako ibilgailurik. Han erabaki genuen furgoneta hau horretarako prestatzea eta dohaintzan ematea".
Ibilgailua prest zuten, baina une horretan burokraziaren hormarekin egin zuten tupust. "Ez genuen espero gestioak hain zailak izango zirenik", dio alkateak. "Dokumentazio ugari prestatu behar izan dugu, Espainiako Gobernuko Ogasunean, aduanetan... Esportatu egiten da furgoneta, Europar Batasunetik atera egiten da, eta behin ferryra igota, Espainiar Estatua uzten duenean, ibilgailuaren dokumentazioa bidali behar digute, han ez duelako balio". Leihatilaz leihatila ibili izanagatik "damututa" dagoela ere adierazi du Arregik.
Behin Saharako desertuan, El Aaiun probintziako Bucraa kanpalekuan emango du aurrerantzean zerbitzua, bertako hirugarren adinekoen zerbitzuan. Arregiren esanetan, "ona duena da arrapala mekanikoa duela, eta harako egokia da. Hemen, agian, beste urtebete ibiliko zen, baina han etekin handia aterako diote".