Itaiak Zestoan egindako ekintzekin borobildu dituzte Martxoaren 8ko deialdiak Urola Kostan. Gaur arratsaldez elkartu dira Zestoako plazan Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren deialdira batu diren herritarrak. Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen egin bezala, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelodun pankartaren atzean egin dute protesta.
Itaiarentzat Martxoaren 8a ez da "gizartearen batasun abstraktua" bilatzeko eguna, emakume langileen defentsan borroka ateratzekoa baizik. Egunari eta zapalkuntzari klase izaera kendu zaiola uste dute Itaiako kideek: "Emakume langileen interesen defentsan ekarpena egiteko eta borroka iraultzaileari bultzada emateko helburuarekin antolatu zuten Martxoaren 8a lehen aldiz. Asko aldatu da, ordea, egunaren izaera ordutik. Berdintasunaren aldeko diskurtsoa oligarkiaren, enpresarien eta erakundeen interes ekonomikoak eta elektoralak bermatzeko aldarri hutsal bilakatu da. Berdintasunaren baitan emakume guztion batasuna aldarrikatu izan dute, zapalkuntzaren klase izaera alboratu eta borroka desitxuratuta".
Horrez gain, emakumeek "egunerokoan" indarkeria matxista sufritzen jarraitzen dutela gaitzetsi dute, eta horren harira, "alderdi ultraeskuindarrak eta asaldatzaile misoginoak" matxismoa "normalizatzen" ari direla azpimarratu dute. "Emakumeok eskubide gehiegi ditugula diote, eta beraz, atzerakada bat proposatzen dute: indarkeria matxistaren aurkako legeak, abortu eskubidea edota osasun zerbitzuak jo puntuan jarri nahi dituzte. Gainera, gezur eta buloen bitartez, faxista horiek matxismoaren existentzia ukatzen dute". Horren aurrean, faxistei argi esan die ez dutela onartuko emakumeak "gizonen mesedetara" egotea, "plazererako objektutzat" hartzea edota emakume etorkizunen aurkako "ehizarik".
Egoeraren erantzule AEBetako eta Europako oligarkia egin du Itaiak; "izan ere, bai lan baldintzen okertzea, bai eskubide politikoen ezabapena eta baita ideia faxisten eta matxisten zabalpena ere mendebaldeko oligarkiaren agendaren parte dira. Epsteinen paperetan agertzen diren oligarka pedofilo eta misogino horien agindupean ezinezkoa da emakume langileon zapalkuntza ezabatzea". Horren aurrean, "urgentziazkotzat" jo dute horri guztiari aurre egitea.
Bestalde, Itaiaren ustez, "ezker instituzionalak" bere burua "faxismoari aurre egiteko plataformatzat" aurkeztu du, baina "alderdi sozialdemokraten eskutik", emakume langileen "zapalkuntza ekonomiko eta soziala" mantendu egin da azken urteetan, eta testuinguru horretan "faxismoa eta ideia atzerakoiak" indartu baino ez dira egin. "Guztiz irreala da zapalkuntzak gainditu nahi izatea zapalkuntzak betikotzen dituen sistema batean".

Horregatik guztiagatik jo dute beharrezkotzat emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko "alternatiba iraultzailea" eraikitzea. Horretarako, batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatzearen alde egin du, "faxistak eta erasotzaileak ez dezaten kalean lekurik" izan. Bestetik, emakume langileen "interesak eta problematikak" lehen lerroan jarriko dituen "bide orri iraultzailea" garatzearen alde ere du, eta horretarako, indarkeria matxista eta esplotazio ekonomikoa ezabatzeko baldintzak jarriko dituen "estatu sozialista" eraikitzera indarrak bideratzeko premia azaleratu du.