Alexandre Da Costa biolin jotzaile quebectarrak eta Josu Okiñena pianista andoaindarrak Zestoako Udaberri Kulturala egitarauaren barruko lehen kontzertua eskaini zuten atzo iluntzean parrokian.
Elizako erditik aurrerako eserlekuak bete zituzten emanaldira joan ziren dozenaka herritarrek musika klasikoaren izen ezagunen piezekin osatutako errepertorioaz eta goi mailako bi musikarion trebetasunaz gozatu ahal izan zuten.
Zestoako Udaberri Kulturalaren barrukoa ez ezik, Okiñenak berak bultzatutako VI. Batura zikloaren barruan eta Aita Donostiaren omenez prestatutako uztartzearen emaitza da Da Costak eta Okiñenak atzo Zestoan eskaini zutena. Martxoaren 10ean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian errepikatuko dute atzokoa Da Costak eta Okiñenak.