Kobaz Koba Trail lasterketaren hamargarren edizioa hartu du Zestoak. Urtetik urtera indartzen doan lasterketa da, eta aurtengoa nobedadez jantzita etorri da. Ohi bezala, Zaldei eta Artzei bideei egin diete aurre lasterketan parte hartu duten ehunka parte hartzaileek, baina izan dira aldaketak. Inoizko goiztiarren, 08:30ean, ekin diote lasterketari Zaldei bidea egin duten kirolariek. Izan ere, 30 kilometro izan ditu aurtengoak, aurreko edizioetan baino lau kilometro gehiago, eta ez da Endoiatik igaro. Erdoizta nahiz Altzorarats bailarak igaro dituzte, Granada Errekara iristeraino. Gainera, aurten, 200 parte hartzaile gutxiago izan dira, antolatzaileek inguruko parajeen jasangarritasunera begira hartutako erabakia tarteko. 15 kilometroko Artzei bidea egin dutenak, berriz, 10:00etan atera dira Zestoako plazatik, eta ohiko ibilbidea osatu dute.
Zaldei ibilbidea osatzen aurrena Jokin Etxabe izan da, eta haren atzetik helmugaratu dira Amets Aranberri eta Unai Martinez. Aranberri bigarren sailkatzearekin batera, helmugaratu den aurreneko zestoarra izan da. Emakumeetan, Jone Zenitagoitia izan da txapelduna eta haren atzetik sailkatu dira Eneritz Aramendi eta Naroa Uria. Zenitagoitiak erakustaldia eman du, gaurkoa osatu duen laugarren lasterketa baitzuen. Azpeitiko bizilaguna gustura agertu da egindako lanarekin.
Artzei bidea osatu duen aurreneko korrikalaria Ibai Angulo azpeitiarra izan da; bigarren sailkatu da Mikel Usandizaga eta hirugarren Xuban Muniozgure. Emakumeetan, Nerea Urteaga izan da nagusi, aurrena helmugaratuta. Bigarren sailkatu da Irati Larrañaga eta Jule Olaizolak osatu du podiuma.
Euriak euri, urtero bezala giro paregabea sortu du Kobaz Koba Trail lasterketak Zestoan, eta dagoeneko bakarren batzuk hurrengo urteko edizioaren zain gelditu dira.
Argazki bilduma eta kronika, hemen.