Nerea Irure: "Boluntario gabe, ezingo litzateke Kobaz Koba egin"

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 3a

Nerea Irure, mendian. (Utzitakoa)

Nerea Irurek 57 urte ditu, eta "kirolari herrikoia" dela dio. Lehenengo aldia izango da Kobaz Koban parte hartuko duena, nahiz eta Zestoako traila beti izan duen gertu: boluntario gisa lanean aritu da aurretik.

Agiro mendi klubeko kidea da Nerea Irure, eta "zestoar peto-petoa", dioenez. Portale kulturgunean zerbitzari lanean aritzen delako ezagutuko dute askok, baina baita herrigintzan egiten duen ekarpenagatik ere. Boluntario gisa lagundu du Kobaz Koba Trailen aurreko edizioetan, eta aurten petoa erantzi eta proba barrura salto egingo du lehenengo aldiz.  Artzei ibilbidea egingo du igandean.

Zer lan egin izan dituzu Kobaz Koba Trailen boluntario gisa aritu izan zarenean?

Bidegurutzeak zaintzen aritu izan naiz, normalean, Aizarnan, jendeari esaten nondik nora joan behar duen. Eta zirkuitua markatzen ere bai, askotan, zintak jartzen eta.

90 boluntariotik gora izaten dira lasterketetan. Zer garrantzi du, zure ustez, herritarren parte hartze horrek?

Herritarrek ekarpena egin behar dutela uste dut, lasterketa herrikoia denez gero. Ni lagundu zalea naiz, eta horrelakoetan ikusten dut herriak dena ematen duela. Boluntario guztiak behar dira, zeren lan handia da. Bestela, ezingo litzateke egin.

Aurten korrika egingo duzu lehen aldiz. Nolatan emango duzu salto hori?

Beti aritu izan naiz boluntario gisa, besteak beste, belaunean lesio bat izan nuelako. Belaunean sentsazio onak nituen, eta betidanik izan nuen Kobaz Koban parte hartzeko gogoa, beraz, lagunen artean aurrera egitea erabaki genuen. Lasterketa asko egin ditut, baina mendikorik ez, eta herriko lasterketa denez, erronka modura hartuko dut. Lasai egitea eta ondo iristea da nire helburua.

Zertan da berezia Kobaz Koba?

Poza ematen dit herriko lasterketa bat izateak. Aurten herritarrei aukera eman diete izena lehenago emateko, eta herritarrek parte hartzea garrantzitsua dela uste dut. Horregatik, herritarrak animatuko nituzke parte hartzera; eta ez daitezela joan erlojuari begira, gozatzera atera daitezela. Ni disfrutatzera aterako naiz, eta espero dut Erdikalea barrez igoko dudala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide