Jasangarriagoa eta menditsuagoa izango da Kobaz Kobaren X. edizioa

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 29a

Kobaz Koba Trail lasterketaren antolakuntzako kideak, gaur Zestoako Udalean egin duten aurkezpenean. (M. Txintxurreta)

Otsailaren 8an, igandez, egingo dute Zestoako hamargarren Kobaz Koba Trail, eta hainbat berrikuntza izango dira aurtengo edizioan. Batetik, korrikalari gutxiago izango dira, udalak dortsal kopurua murriztea erabaki baitu lasterketa jasangarriagoa izan dadin. Bestalde, ibilbide luzea desberdina izango da: Endoiako zatia baztertu dute antolatzaileek, eta Hernioko mendilerroko Indo (764 metro) tontorra izango da Zaldei lasterketako punturik altuena. 

Datorren asteko igandean, hilaren 8an, jokatuko dute Zestoan urtetik urtera handitzen doan Kobaz Koba Trail lasterketa. Nobedade ugari izango ditu, gainera, bi mendi lasterketa batzen dituen egitasmoaren hamargarren edizioak, antolakuntzatik hasita: Zestoako Udala babesle izatetik antolatzaileen taldeko kide izatera pasatuko da, Agiro Mendi klubarekin eta Arazirekin batera. Bestalde, parte hartzaileei eragingo diete gainontzeko aldaketa nagusiek: iazko edizioaren aldean, 200 korrikalari gutxiago izango dira aurten, eta lau kilometro luzeagoa izango da lasterketa luzea.

Gaur aurkeztu dute Kobaz Koba Trail lasterketaren X. edizioa Mikel Arregi Zestoako alkateak, Juanjo Aramburu Araziko arduradunak eta Mikel Irure Agiroko ordezkariak, eta zehaztu dutenez, Artzei ibilbidea bere horretan mantendu dute, eta beraz, Aizarnako nahiz Ertxiñako eremuak zeharkatuko ditu, eta 15 kilometro eta 750 metroko desnibela izango ditu. Zaldei ibilbide luzea, ordea, desberdina izango da aurten. 30 kilometro izango ditu, aurreko edizioetan baino lau gehiago, eta ez da Endoiatik igaroko. Menditsuagoa izango da, Hernioko mendikatetik barrena ibiliko baitira korrikalariak, eta Indo (764 metro) mendiko tontorra izango da bideko punturik garaiena. Bestalde, Edoizta nahiz Altzorarats bailarak igaroko dituzte, eta Granada Errekaraino luzatuko da ibilbidea. Historiaurreko margaok eta harribitxiak dituzten kobak izango dira ibilbidean zehar, besteak beste, Ekain, Danbolinzulo, Amalda, Ermitia eta Erlaitz.

Halaber, antolatzaileek azaldu dutenez, aurreratu egingo dira bi lasterketen ordutegiak: 08:30ean abiatuko dira Zaldei ibilbideko korrikalariak, eta 10:00etan ibilbide motza egingo dutenak. Bi kasuetan, Zestoako plazatik abiatuko dira, eta leku berean izango da helmuga.

200 korrikalari gutxiago

Mikel Arregik ohartarazi duenez, mendi lasterketek eragina dute ingurumenean, eta eragin hori gutxitzeko asmoz, parte hartzaileen kopurua murriztea erabaki dute. Iazko edizioaren aldean 200 dortsal gutxiago banatu dituzte aurten, hortaz, 495 korrikalari izango dira guztira. Horietatik 103 izango dira emakumezkoak, esan dutenez.

Bestalde, azken urteetan izen-ematea zabaldu eta minutu gutxira agortu izan dira dortsalak, eta kirolari zestoarrei lasterketetan parte hartzeko lehentasuna eman diete aurten. Gainontzeko dortsalak izena eman zutenen artean zozkatu zituzten. Ildo horretatik, Kobaz Koban parte hartuko duten zestoarren kopuru esanguratsua nabarmendu dute antolatzaileek: herriko 102 korrikalarik eman dute izena, 2025ean (96) baino sei gehiagok.

Gainontzean, Urola Kostako herritar ugarik egingo du korrika hilaren 8an: Azpeitiko 70 lagunek eman dute izena, Zumaiako 40k, Zarauzko 31k, Azkoitiako 30ek, Orioko 13k eta Aizarnazabalgo 7k, zehaztu dutenez. Hala ere, antolatzaileek esan dute Euskal Herriko hainbat txokotatik joango direla korrikalariak Zestoara, baita Frantziatik ere.

Lasterketaren egunaren aurretik dortsala jaso nahi dutenek Zestoako Turismo Bulegoan izango dute horretarako aukera otsailaren 3tik aurrera; 10:00etatik 13:30era eta 14:30etik 17:00etara. Lasterketaren egunean ere eskura izango dituzte kiroldegian. 

Lasterketak amaitzean hamaiketakoa nahiz anoa gune likidoa izango da parte hartzaileentzat, eta eguerdi aldera sari banaketa egingo dute plazan. Sari bat gehiago banatuko dute aurten, Berria Saria, eta 100. postuan sailkatuko diren korrikalariek 150 euro nahiz saski bana jasoko dituzte.

Kobaz Koba Trail antolatzeko bolondres ugari behar direla nabarmendu dute Mikel Arregik, Juanjo Aramburuk nahiz Mikel Irurek, eta haiek egiten duten lana goraipatu dute. Esan dutenez, 90 pertsonatik gora ariko dira lasterketaren hamargarren edizioan laguntzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide