Santa Ines jaietan murgilduta segitzen dute Iraetan, eta gaur, larunbata, jaietako egun borobila ari dira ospatzen. Joan zen asteburuan hasitako festari asteazkenean, Santa Ines egunean, eman zioten jarraipena iraetarrek, eta gaur ere jaietan murgilduta dira. Izan ere, goizetik goizaldera arteko egitaraua prestatu dute auzotarrek.
Goizean pilota partidak izan dira protagonista. Txarangaren Goazen frontoira abestiaren doinupean kalejira egin ondotik, Abantzu elkarteko lau gaztetxo nor baino nor aritu dira Iraetako frontoian binaka jokatu duten lagunarteko partidan. Neurketa bukatzean, txarangak abesti batzuk jo ditu pilotalekuaren kanpoaldean, eta herritar ugari elkartu dira han, eguzki printzen goxotasunean.
Segidan Iraetako Pilota Txapelketako finala jokatu dute Ioritz Arantzetak eta Mikel Armendarizek Liam Zunzunegiren eta Mattin Eizagirreren aurka. Pilotari horiek ere txarangak jotako Goazen frontoira abestiaren doinupean sartu dira frontoira, eta ikusmina piztu du partidak; izan ere, herritar hainbat elkartu dira pilotalekuaren bueltan, partidaren atarian. Iraetako txapelketaren aurtengo edizioko txapela Arantzetarentzat eta Armendarizentzat izan da, 22 eta 7 nagusitu baitira.
Kirol ekitaldien ondoren, sabelak betetzeko probestu dute iraetarrek. Izan ere, Gure Ordeka elkartean pintxo lehiaketa egin dute hainbat lagunek. Jaki hainbat eraman dituzte herritarrek, eta mokaduak probatzeko aukera izan dute han elkartutakoek. Gero, 15:30ean, gaztetxoen txirrindularitza proba egin dute. Berez, 16:30erako zuten aurreikusita hitzordua, baina eguraldi iragarpena tarteko, ordubete aurreratu dute. Herritar ugari izan dira Iraetan gaztetxoak animatzen.
Azken txanpan sartu dira dagoeneko santainesak, baina hori ez da festa alde batera uzteko aitzakia izango. Izan ere, datozen orduetan triki poteoa, auzo afaria nahiz Laket taldearen erromeria izango dira Iraetan. Bihar, berriz, Errota Harri txapelketa izango da, 17:30ean hasita, frontoian, eta kirol jaialdi horrekin bukatuko dira aurtengo jaiak.
(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Maddi Txintxurreta)