Puzgarrietan saltoka eta txokolate beroa hartuta, haurrak arduratu dira santainesak abiatzeaz

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 18a

Umeen egunarekin hasi dituzte Santa Ines festak Zestoako Iraeta auzoan. Frontoian jarritako puzgarrietan saltoka ibili ostean, txokolate beroarekin gozatu dituzte sabelak auzoko haurrek nahiz inguruko txokoetatik etorritako familiek.

Iraetako Santa Ines jaiak hasi dituzte gaur, igandea, eta umeak arduratu dira datorren asteazkenean nahiz asteburuan luzatuko diren festen lehenengo eguna girotzeaz. Arratsaldean frontoian jarritako puzgarrietan jolasean ibili dira, eta 17:30ak aldera hartu dute atseden, txokolate beroa eta bizkotxoak hartzeko.

Santa Ines ermitaren estalpean, gainera, haurrentzako txokoa jarri du Gukak, eta dozenaka ume aritu dira eskulanetan, maskarak margotuz zein pultserak eginez.

Datorren igandera arte luzatuko dira santainesak Iraetan. Honakoa da datorren asteko egitaraua:

  • Urtarrilak 21, asteazkena. Santa Ines eguna. 
    • 11:00. Santa Ines eguneko meza.
    • 14:00. Santa Ines eguneko auzo bazkaria.
  • Urtarrilak 23, ostirala. 
    • 22:30. XXXV. mus txapelketa Bekoetxen.

  • Urtarrilak 24, larunbata.
    • 11:55. Txupinazoa eta Vamos al frontón.
    • 12:00. Gaztetxoen pilota partidak.
    • 12:30. Iraetako Pilota Txapelketako finalak.
    • 14:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
    • 16:30. Gaztetxoen txirrindulari lasterketa.
    • 19:00. Triki poteoa Naiara eta Maitanerekin.
    • 21:00. Garagardo auzo afaria frontoian.
    • 23:30. Laket taldearen erromeria.
  • Urtarrilak 25, igandea.
    • 17:30. Errota Harria harri-jasotze txapelketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide