Biolur eta lehen sektoreko hainbat ekoizle Iraetako Amillubi baserriko lurretan gauzatzen ari diren agroekologia proiektuaren bigarren urteurrena ospatu dute gaur Amillubin bertan. "Bi urte intentso, sakon eta aberasgarri" izan dira proiektuaren estreinakoak, sustatzaileen hitzetan. Emaitzarekin pozik eta etorriko denaren gogoz, proiektuaren lehen urratsak egitea ahalbidetu duten lagun guztiak gogoratu nahi izan dituzte gaurkoa: "Lan handia egin dugu bidean, eta egia da momentu batzuk neketsuak izan direla; beste batzuk, aldiz, alaitasun, poztasun eta dibertsioz beterikoak. Baina gaur hemen gaude, harro eta pozik egindako lanaz, eta ohore handiz gogoratu nahi dugu guztion ekarpena izan dela hau guztia posible egin duena".
Eguna auzolanean hasi dute,09:30ean. Aurreikusita zituzten lur lanak ezin izan dituzte egin, azkenaldiko euriekin lurra ez zegoelako halakoetarako. Horien ordez, txukuntze lanak egin dituzte batik bat; bazterrak desbrozatu dituzte, fitoarazketarako gunea txukundu, eta aurten ereindako artoaren irina kiloko poltsetan sartu dute, salmentarako.
Lan horiek bukatutakoan, Amillubi ezagutzera lehen aldiz joan direnei tokiaren eta proiektuaren berri emateko bisita egin dute. Kaferako tartean indarrak hartuta, ekitaldia egin dute eguerdian, eta horrekin bukatu dituzte bigarren urteurrenaren ospakizunak.
Hain zuzen ere, ospatzeko dutena ospatu, eta aurrera begira dituzten asmoen berri eman dute proiektuaren sustatzaileek ekitaldian. Goizean zehar, Amillubi orain arte beraientzat zer izan den eta hemendik aurrera zer izatea nahiko luketen idatziz azaltzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Ekitaldian, azalpenen ondoren, idatzi horiekin sua piztu, eta errautsak ongarri gisa erabili dituzte aranondo bat landatzeko. Eta goiz eguzkitsuko hitzordua agurtzeko, taldeko argazkia atera dute amillubitarrek.