Abenduan beteko dira bi urte, Biolur elkarteak bultzatuta, agroekologiaren aldeko Amillubi proiektua aurkeztu zela. Hori horrela, Amillubi egitasmoak bigarren urteurrena ospatuko du abenduaren 14an, igandez, Iraetako Amillubi baserrian. Goizean zehar, auzolana, ekitaldia, bisita, mokadua… izango dira. Proiektuaren sustatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte ospakizunean parte hartzera.
Gainera, jakinarazi dute "fase berri bati" ekitera doala Amillubi proiektua; hau da, Utopiak Eraikitzen izeneko prozesua egingo dute: batetik, datozen urteetarako plan estrategikoa diseinatuko dute; eta, bestetik, Eskola Haziak dinamika jarriko dute martxan. "Amillubi egitasmoaren lehenengo urteetan, taldea buru-belarri ibili da dirua biltzen eta lurraren aktibaziorako lanetan, baita proiektua gizarteratzen ere. Eta, orain, etapa berri bati ekitera goaz, amesten dugun Amillubi eraikitzen hasteko", adierazi dute.
Plan estrategikoa eta Eskola Haziak
Etapa berrian, hamar-hamabost urte barru Amillubi nola irudikatzen duten definitzen hasiko dira eragileen artean: zein proiektu atera nahi dituzten aurrera, zer filosofia gidaritza sustatuko duten... Plan estrategikoa osatzeko, Asunek Behatokiarekin lankidetzan arituko da Amillubi, eta saioetan ikerketan eta planifikazioan sakontzeko asmoa dute: "Zehazki, epe ertain-luze batean Amillubiko lurretan garatuko diren proiektuak definitzea eta horiek izango duten egitura juridikoa zehaztea izango da etapa berri honen helburu nagusia".
Bestalde, Eskola Haziak dinamika abiatuko dute. Orain arte egindako auzo planek egitura berritu bat izango dute, eta datorren urtean zazpi Eskola Hazi martxan jartzea aurreikusten du taldeak. Auzolanak egingo dituzte, eta ondoren gai ezberdinen inguruko hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak. Ekonomia sozial eta eraldatzailea, ikuspegi ekofeminista eta interkulturala eta bioeraikuntza izango dira urte honetarako eskola hazien gai nagusiak. "Amillubiren etorkizuna guztien artean, modu kolektiboan eraikitzen joateko mugarri garrantzitsua izango da" abiatuko duten prozesua Amillubirentzako.
Egitaraua
Hona hemen abenduaren 14ko urteurren festarako antolatu duten egitaraua:
- 09:30. Auzolana.
- 11:00. Amillubi bisita.
- 11:30. Kafea.
- 12:00. Ekitaldia, argazki kolektiboa, errituala...
- 13:00. Mokadua, trikitia...