Martin Martina pertsonaiaren bueltan ondu duen liburu trilogiaren azkena, Martin Martina eta gauekoak, Zestoako Udal Liburutegian, etxekoen eta lagunen babesean eta Aritz Cestonarekin batera aurkeztu du Amancay Gaztañagak. Irailean argitaratu zuen liburua Gaztañagak, eta atzo, etxean egin zuen aurkezpena.
Cestonarekin solasean, "spoilerrik gabe", baina luze eta zabal aritu zen Gaztañaga azken liburuaren ardatzak aletzen, trilogiako pertsonaien bilakaeraz edota euskal mitologiatik berreskuratutako pertsonaia presentziaz hizketan. Bereziki nerabeekin pentsatuta idatzi du Gaztañagak bere trilogia, eta nerabeak euskal literaturara nola erakarri ere hizpide izan zuten atzo arratseko saioan.