Dikotomiei zubiak eraikiz itxi du Gaztañagak 'Martin Martina' trilogia

Ane Olaizola 2025ko ira. 11a, 16:24

Gaztañaga, gaur, liburuaren aurkezpenean. (Elkar)

Martin Martina. Gauekoak liburua aurkeztu du gaur Amancay Gaztañagak, trilogiaren azken lana. Fantasiaz eta magiaz betetako istorioa da kaleratu berri duen azken eleberria ere, eta istorioa dibertigarria izanagatik, fantasia generoaren seriotasuna aldarrikatu du idazleak. 

Martin Martina. Gauekoak (Elkar) liburuak emango die izen bereko pertsonaia gaztea inguratzen dien misterioei amaiera, eta eleberria irakurleen eskura jarri du dagoeneko Amancay Gaztañagak, kalean baita trilogiaren azken alea. Idazleak gaur, osteguna, aurkeztu du lana Donostiako Elkarren, Antxiñe Mendizabal editorea ondoan zuela. "Mitologia eta erlijioa" alboan utzi gabe, fantasiaz eta magiaz betetako euskarazko liburua da bilduma ixten duen hirugarren liburua ere, Gaztañagak zein Mendizabalek azaldu dutenez. 

Eguna egunekoentzat eta gaua gauekoentzat esaeraren mamia apurtu nahian, "bi munduak elkartu behar dituen oreka" mantentzeko saiakera egin du Gaztañagak Gauekoak liburuan. "Ezinbestean, beti egongo dira pertsonaiak munduen arteko zubi-lana egiten, eta azken liburua zubi-lana da, bi munduen artean bizi diren eta oreka mantentzeko beharrezkoak direnak izakiek egiten dutena".

Era berean, istorioa dibertigarria izanagatik, fantasia ere "serioa" badela aldarrikatu du hark: "Literatura naturalista irits ezin daitekeena edo beste ikuspuntu batetik egin dezakeena konta dezake fantasiak. Bada ordua fantasiari lekua egiteko, gure kulturan, gure mitologiak izugarrizko garrantzia baitu. Hori guztia albo batera uzten badugu, gure kulturaren zati handi bat galtzen ari gara; askotan, gainera, kanpoko fantasiara jotzen dugu gero".  

Hark azpimarratu du liburu politikoak direla hirurak, batetik "espiritualitate handitik" idatzita dagoelako, eta bestetik, badagoelako "kontzientziarako hausnarketa lan" bat, besteak beste, Amalurraren, basoen eta herri txikien inguruan eginda.

Urtebete pasatxoan kaleratu ditu Gaztañagak trilogia osatzen duten hiru liburuak, eta hark esan du Martin Martinak egin duena "izugarrizko bidaia" izan dela. Haren hitzetan, "ederra" izan da Martin Martina pertsonaia intersexualari bizitza ematea, baita orain nerabeen eskutik jasotzen ari dena ere. "Eskoletan irakurtzen hasi gara, eta adierazgarria da batzuentzat [pertsonaia] Martin dela, eta besteentzat Martina. Oraindik zatiketa egiten dugu gure buruan, eta kosta egiten zaigu binarismotik ateratzea". 

Hari mutur asko, bakar batean

Bestalde, hari mutur asko dituen istorioa dela azaldu du Mendizabalek, eta horrek irakurlea katigatzen duela azpimarratu. Lanaren abiapuntua zein den ere gogoratu du hark: "Martin Martina institutuko ikasleak grafiti bat egin eta zuzendari jaunak hura zigortzen duenean hasten da istorioa, eta zigor horren ondorioz aitak aiton-amonen gaztelura bidaliko du. Misterio guztien hasiera da gaztelu hori. Gogo txarrez joango da hara, baina abentura baten atarian dagoela konturatuko da berehala. Zirrikitu eta misterio asko ditu gazteluak, baina gauzarik inportanteena da kriptan dagoen Erdi Aroko bihotza. Bizitzarik gabeko bihotz idor bat, baina horixe da trilogiaren muina". 

Editorearen hitzetan, bizitza errealean bihotzak maiz balio izaten du, buruaren eta erraien artean oreka jartzeko, eta liburuaren istorioan ere gauza bera gertatzen dela azaldu du hark. "Fantasia liburuetan gertatzen den moduan, hemen ere beste mundu batzuk agertzen zaizkigu, eta mundu hori da gauekoena. Liburuan, bi munduen arteko oreka puskatu da, eta bihotz horrek konponduko ditu desorekak". 

Eleberriak pertsonai zerrenda luzea duela eta, Mendizabalek esan du azken liburua irakurtzen hasterako komenigarria dela aurrekoetako glosarioa errepasatzea. Haren arabera, hiru taldetan bana daitezke istorioko pertsonaiak: "Batetik daude bizimodu normala egiten dutenak, eta bestetik daude gauekoak, ilunpean bizi direnak; talde horren barruan izugarrizko fantasia dago, zein baino zen erakargarriagoa dena. Eta gero daude, bizitzan bertan gertatzen den bezala, bataren eta bestearen artean daudenak; gauza bat direla ematen dutenak, baina oso bestelakoak direnak; trantsizioko pertsonaiak". 

Liburuak gazteei zein helduei fantasiaren eta magiaren mundura euskaraz murgiltzeko aukera ematen dietela goraipatu du Mendizabalek, eta Gaztañagaren lana goraipatu du: "Liburu bat idaztea beti da pozgarria eta ospatzekoa, eta trilogia bat idaztea, zer esanik ez". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide