Fantasiazkoa bezain erreala

Mireia Galarza Bastida eta Urtzi Oteiza 2024ko ira. 18a, 10:00

Amancay Gaztañagak Martin Martina trilogiako lehen liburua argitaratu berri du, eta dagoeneko amaitzen ari da bigarrena ere. Fantasiaz betetako mundu bat aurkezten die nerabeei. 

Zestoako bainuetxean zegoela idatzi zuen Martin Martina eta urrezko orrazia liburuaren lehen kapitulua Amancay Gaztañaga sortzaileak (Ekuador, 1980), txoko hori erabiltzen baitu askotan zestoarrak lasai egoteko eta lanerako. Martin Martina pertsonaia, baina, liburua gorpuzten hasi baino lehenago hasi zitzaion ate joka idazleari, 2017. urte inguruan. 

Sortzaile zestoarrak azaldu duenez, pertsonaia hori "erasotzen" ari zitzaion une oro, eta horrenbestez,  "barne bulkada horri kasu egitea" erabaki zuen. "Tartean 39 lore antzerki liburua argitaratzeko aukera iritsi zitzaidan, eta hori egin nuen arren, Martin Martinak nire buruan jarraitzen zuen. Uste dut sekula ez zaidala horrelako zerbait gertatu". Orduan hasi zen Gaztañaga liburua osatzen duten fantasiazko mundu eta pertsonaiak xehetasunez trazatzen. 

Ideia horiek egi bihurtu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren beka bat eskatu zuen zestoarrak duela pare bat urte, eta berak laguntza hori ez zuela jasoko uste zuen arren, "sorpresaz" harrapatu zuen Gaztañaga baiezko erantzunak. "Orduan pentsatu nuen: tira, lasai, kasu egingo dizut eta zure istorioa kontatuko dut". Liburua idazterakoan zestoarrak oso garbi izan du berak ez duela bere burua hartzen euskal literaturako "eleberrien idazle premium" bat bezala, eta horregatik, bere modura idazten saiatu da liburua. "Ez dut esan nahi gaizki idatzita dagoenik, oso gustura geratu bainaiz emaitzarekin, baina hizkuntza askoz ere zuzenagoa da", eman du aditzera. Eta horren arrazoia ere eman du: "Ni gidoigintzatik nator, eta horrelakoetan badakigu hartzaileak zurekin dagoen momentu konkretu horretan ulertu behar duela mezua". 

Orain, liburua eskuartean edukitzea "zirraragarria" egiten zaio zestoarrari, lortu duelako urte luzez "abstrazkioa zena egi" bilakatzea. "Musika arloan ere gertatzen zitzaidan hori, diskoak eskuartean nituenean edukitzen nuen antzeko sentsazioa da. Arraroa baina polita", gehitu du.

Amesteko tartea

Gaztañagak "amesteko aukera" izan du liburuaren bitartez. Izan ere, bertan mundu oso bat sortzeko beta izan duela azaldu du, "inongo mugarik gabe". Are gehiago, gehitu du hori izan dela prozesuan "gehien" gozatu duena. "Fantasia eta abentura trilogia bat da, eta horrek eskatzen duena da pertsonaia pila bat egotea, eta baita kokatzen diren lekuak ondo zehaztuta egotea ere". 

Mugarik gabe jardutea, gainera, faltan botatzen zuen zestoarrak: "Lan askotan gertatu izan zait zerbait txertatu nahi eta horretarako lekurik ez topatu edo izatea, eta istorio honek behar nuen aukera hori eman dit". 

Lan hori pixkanaka-pixkanaka egin duela nabarmendu du Gaztañagak: "Nolako herria sortu behar dut ekintza hau bertan gerta dadin? Eta zein izango da garaiko eta herriko testuingurua?". Pertsonaien fitxak ere ondo prestatzen saiatu da zestoarra, istorioak "ertz asko" dituelako, eta guztiek "justifikatuta" egon behar dutelako.

Errealitatetik asko

Liburua fizkiozkoa bada ere, nerabeek dituzten kezka eta arazo berberak ditu 13 urteko Martin Martinak. "Hirian bizi da, aitarekin, eta eskolan oker bat egin ostean, aiton-amonekin uda herrian pasatzera zigortzen du aitak, mugikorrik gabe. Denok izan gara nerabeak, beraz, imajina dezakegu horrek zer suposatzen duen", dio. 

Uda horrek, baina, asko balioko dio Martin Martinari, jabetuko baita istorio pertsonal konplexu bat izateaz gain, ez dagoela hain bakarrik herri horretan. "Mugikorretik harago bizitza dagoela konturatuko da, eta naturak ere asko eskaini diezaiokela", azpimarratu du.

Gainera, istorioa nerabe bati buruz izanik, beraiek irakurtzeko moduko liburu bat idazten saiatu da Gaztañaga, hizkuntzatik harago. "Nik ez dut nahi nerabeek derrigorrez irakurtzen dituzten liburu horietako bat izatea nirea. Horregatik, dibertigarria izaten saiatu naiz, eta beraiek kolpatzen dituzten gaiak landu ditut", dio. Horretaz gain, Alain Martinezek egindako azalak eta ilustrazioek helburu horretan asko lagundu dutela dio. 

Bigarrena, labean

Trilogiako lehen liburua kaleratu eta bigarrena dagoeneko zuzentzen ari dela aipatu du Gaztañagak. "Ideia da abendurako, Durangoko Azokarako edo Gabonetarako prest edukitzea, denbora ematen baldin badigu". Martin Martina eta sorginen batzarra izenburua edukiko du horrek, eta izenak esan bezala, sorginek "pisu asko" edukiko dute kontakizunean. Hirugarrena noiz argitaratuko duten ez du azaldu zestoarrak, baina bai eman du aditzera izango duen izenburua: Martin Martina eta gauekoak.

Oraindik pixka bat falta da beste bi liburuek argia ikus dezaten, baina bitartean badu zer egina Gaztañagak: "Orain, momentuz, lehen liburu hau aurkezten ibiliko naiz han eta hemen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide