Zestoako kultur azpiegiturei dagokienean dagoen "hutsuneari" irtenbidea eman nahian, arlo horretaz hausnartzeko lanketa abian du Zestoako Udalak duela aste batzuetatik. Ez da berria erakundeak gaiarekiko orain plazaratu duen kezka, aurreko agintaldietan ere landu izan baitu herritarrekin gabezia hori, batez ere Kultur Etxean arreta jarrita. Gaiari heldu diote orain berriz, eta herriko taldeen beharrak "duinki" ase ditzakeen proposamena du esku artean udal gobernuak.
Mikel Arregi alkateak azaldu duenez, herriko kultur elkarte zein jarduera askok "askotariko gabeziekin" jarraitzen dute lanean, eta udalaren asmoa izan da "horien beharrak ahalik eta ondoen" aseko dituen "doiketak" egitea. Horretarako, herriko kultur azpiegitura guztien inbentarioa egin du, eta lanketarekin jarraitzeko, "aldagai bat" hartu du kontuan: izan ere, jakinekoa da gaztetxea Kultur Etxeko goiko solairutik behekora lekualdatuko dutela, eta beraz, goiko eremua "libre" geratuko dela azaldu du alkateak. Egoera hori kontuan izanda, eraikinaren goiko eremua aprobetxatu eta beharrezko egokitzapenak egitea proposatu du udal gobernuak, Kultur Etxeko aretoa handituz eta horrekin batera, baita haren edukiera bera ere. "Proposamen hori baliatuko genuke kultur azpiegitura publiko guztien egoerari buelta bat emateko, helburua delako herriko kultur jarduera guztiari ahalik eta erantzunik onena ematea", esan du Arregik.
Prozesuaren barruan egindako lehen saioan, alkateak adierazi zuen proposamen hori litzatekeela arazoari aurre egiteko "irtenbiderik duinena eta bideragarriena". Izan ere, hark azaldu du plazaratu izan direla beste hainbat proposamen ere, besteak beste auditorio berri bat egitearena, baina "arrazoizko epe batzuetan" behintzat, hori ez dela bideragarria azaldu du hark. "Beste behar batzuk ere badaudela kontuan hartuta, auditorio bat eraikitzeko egin beharreko inbertsioa ez litzateke jasangarria izango udalarentzat". Lehendik dagoenari "beste forma bat emanda eta azpiegiturak egokituta", arazoari "irtenbide duina" ematen zaiola berretsi du hark.
Kultur jarduera ere bai
Ordea, hasitako lanketa soilik azpiegituren arlora mugatzerik ez du nahi udalak, hutsuneak kulturaren ikuspegi zabalagoan ere badaudela jakitun. Hala, eragileekin batera kulturaz hausnartzeko ere baliatu nahi du hark aukera, bereziki hizkuntzan arreta jarrita: "Gaur egun, askotan hitz egiten da krisi linguistikoaz eta horrek kulturan duen eraginaz. Horren guztiaren hausnarketa egin nahi dugu, Zestoako azpiegitura horiek eta kultur jarduerak gauza daitezen hizkuntza oinarri hartuta".
Bestela esanda, prozesuaren bidez "etorkizuneko kultur aterki orokor bat" diseinatu nahi du udalak herritarrekin batera, eta horretarako, gaur egungo kultur erronkei nola egin diezaioketen aurre eztabaidatuko dute, besteak beste, datozen hilabeteetan. "Oraindik dena egiteko dago, baina herriko eragile guztiekin nahi dugu hitz egin, aurrera begirako Zestoa pixka bat irudikatzeko". Ildo horretan, hausnarketa guztiak jaso eta herriko kultur taldeak koordinatuko dituen Kultur Mahaia sortzea mahai gainean jarri du udalak.
Agintaldia amaitzerako egoerari irtenbidea eman nahi dio udalak, eta horregatik jarri du prozesua berriz martxan. Joan den hilean lehenengo bilera egin zuen herritarrekin, eta urtea amaitzerako bigarrena egingo du. Azpiegituren gaineko erabakiak hartu ondoren, datorren urteko udal aurrekontuetan txertatuko du erakundeak horretarako partida, baina herriko kultur eskaintzaren gaineko hausnarketa hurrengo urte hasierara ere luzatuko da.